GARA > Idatzia > Gutunak

Ekaitz eta Irati Goikoetxea Ahots Bidaztiak

Ederra eta magikoa izan zuan, Ataun!

Joxemielek ikusi zuen, bai, Pilar iloba etxeko izara zuriak astintzen. Ederki eman zion abisua Pilarrek Joxemieli, literatura bisitan etorri zitzaiola Ataungo Herri Antzokira. Eta hantxe izan zen Joxemiel, antzokira hurbildutako ikus-entzuleen artean, begi-niniak erne, irribarre dantzari bat ezpain artean, magalean irrati modernoa hartuta. Harriek hitz egingo balute...

Ziur gaude izugarri poztu zuela herritarrak mitologiaren sehaska bihurtu zen oholtzaren gainean ikusteak, gu ere gure lana eta gozamena zuekin batera partekatzeak poztu gaituen bezalaxe.

Paul, saiatu zinen jostun ona izaten, baina... hurrengoan soineko gehiago egin beharko dizkiozu Ziortzari, tamainarekin asmatuko baduzu! Maddi haserretuko zaizu bestela alaba biluzik utzi duzulako. Ai Ziortza, Ainitzek gehitxo puztu zizun sabela! Ederki antzeztu zenuten Eñautek kontatutako ipuina. Euskarak ozenago, alaiago kantatzen du bere hitza biolin eta akordeoi doinuek janzten badute; Ander, Laida, zoragarri goxatu zenuten hiru zaldunen kantua. Maximo eta Dionisio, plazer bat izan da zuen aldamenean ahotsei bigarren, hirugarren eta laugarren oihartzunak marraztea. Monika, nola eskertu zure prestutasuna? Hanka punttetan haizearen irudia marrazten laguntzeagatik, eskerrik asko! Janire, Aiora, Sara eta Janire, lau neska gazte neska zaharrei gona azpiak astintzen! Primeran! Malkorik ederrenak oroitzapen ederrek isurtzen dituzte, Jon, mila esker, historiari ahotsa eta bihotza jartzeagatik. Eta Diegori... apaizek eta belek bista-bistan dittuela frailek! Igor, magiaz betetako piano doinuen iratxoa, mundiala da ahotsa zure hatz artean laztantzea; eta Iñaki... horrelakoetan ez da agur esaten, ezta?

Irudi batek mila hitz... zurekin, Igor, irudiak eta hitzak, biak dira errazago eta ederrago! Bidea errazten, samurtzen, edertzen diguzulako, aita, ez gara zuri eskerrak emateaz aspertzen. Eta egun, aste eta hilabeteetan euskarri sendo izan zaitugulako Iñigo Kerejeta, esker mila...

Historiak orrialde berri bat idatzi zuen abenduaren 29an Ataunen. Historiaren liburuak zuen sinadura darama, ataundarrona. Bejondeizuela eta laster arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo