Etxebizitza bermatzeko kolorea eta salaketa
Euskal Herriko gaztetxe eta Gazte Asanbladen koordinadorak eta etxebizitzaren aldeko hainbat eragilek etxebizitzaren aldeko baterajotzearekin bat egin eta manifestazioak egin zituzten atzo Bilbon, Iruñean eta Zarautzen. Gaur izango da arabarren txanda, arratsaldeko 13.00ean.
GARA |
Etxebizitza arazoa pairatzen duten milaka gazte bildu ziren atzo Euskal Herriko gaztetxe eta Gazte Asanbladen koordinadorak deitutako manifestazioetan. Bilbon, Iruñean eta Zarautzen atzo egin ziren, eta gaur Gasteizen, 13.00ean Artium-etik abiatuko da beste bat.
Gasteizen gainera, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko asteburu honetarako antolatutako ekintzen barruan, Gasteizko Asanbladako 6 gaztek Alde Zaharreko etxe bat okupatu zuten atzo 16.00etan. Pintoreria kaleko 36. blokean hainbat urtez hutsik den etxean sartu ziren. Berehala, Ertzaintzako bi auto agertu ziren bertan, eta kanpoko atea bota ondoren, sartu beharrean, alde egin zuten. Kanpoan hogei bat gazte zeuden okupazio ekintza bete zuten gazteekiko elkartasunean, etxebizitza eskubidearen aldeko oihuak botaz.
Atzoko mobilizazioak ``Etxebizitza eskubidea bermatzera goaz-L@s jovenes por el derecho a la vivienda'' lemaz egin ziren Bilbon, Zarautzen eta Txantrean. Oso koloretsuak izan ziren, bertan, batukada taldeak, hankapaluak eta kale antzezleak parte hartu zuten-eta.
Erantzuleek, salaketa
Gainera, gazteok etxebizitza arazoa pairatzearen erantzuleen gaineko salaketa egin zen mobilizazioak bukatu zirenean. Etxebizitza Euskal Herrian «arazo larria da» bilgune hauen iritziz eta, adibide gisa, Euskal Herriko etxebizitzen %19 hutsik dagoela adierazi dute, 245.422 etxe, hain zuzen ere. Arazo hau, ordea, kasualitatea baino, «eskubide bat negozio bilakatzearen ondorio» dela diote eta sistema kapitalistari leporatu diote egoeraren erantzule nagusi izatea.
Sistema ekonomiko horrek, gazteria «prekarietatera kondenatzen duela», salatu dute eta gazteek ohi duten soldatarekin, hipoketa, edota alokairu bati aurre egitea «ezinezkoa» dela nabarmendu dute.
Bestetik, Bilboko Olabeaga auzoan, udalak astelehenerako agindu duen irtenarazte unean dena prest edukitzeko lanean aritu dira. Gaurko, arratsaldeko 19.00etan Moyuan hasiko den manifestaziorako deia egin dute eta astelehenean, goizeko 8.00etan, txokolatada prestatuko dute gaztetxean.
Etxebizitza eta lurzorua kudeatzeko elkarte publikoa den EPFL-ren «konpetentzia eta eragin falta» salatzeko, Batasunak parodia bat antzeztu zuen atzo Baionako kalean. Etxebizitza eta lurzoruaren arazoak konpontzeko duela bi urte sortutako elkarte honek «ez du bitarteko ekonomikorik, ezta kudeatzeko aukerarik ere Ipar Euskal Herrian bizi den egoera eutsiezina konpontzeko» salatu zuen.
Gasteizko Asanbladako sei gaztek etxe bat okupatu zuten Alde Zaharrean atzo. Urte askotan hutsik egon den Pintoreria kaleko 36. blokean sartu ziren; Ertzaintza agertu zen, baina alde egin zuten geroago.