Hamabi zaldiren arteko lasterketa jokatuko dute bihar Donostiako Ondarreta hondartzan
GARA |
Hirugarren urtez segidan, Ondarretako hondartzan zaldi lasterketa jokatuko da bihar, igandean. Hitzordua 12.15 inguruan dago jarrita eta lasterketaren aurretik, Koikili Fagoagak heziera naturalaren erakustaldi bat egingo du. Lesakakoa da Fagoaga eta zaldiak lakioaz bezatuko ditu jendaurrean ordu erdi inguruz.
Ondotik etorriko da lasterketa. Hamabi zaldik hartuko dute parte, hiru txandatan, eta txanda bakoitzeko denborarik onena lortzen duten bi zaldiek finalean parte hartuko dute. Horiek horrela, bukaeran sei zaldiren arteko finala jokatuko da.
Antiguako jai egitarauaren barruan antolatu izan da azken hiru urteotan zaldi lasterketa hau eta, era berean, zirkuitu zabalago baten barruan sartuta dago. Bizpahiru urteotan, profesionalak izan ez arren zaldiekiko zaletasuna duten hainbat zaldizalek bultzatu dituzte lasterketa hauek eta urtean zehar badituzte beste zenbait hitzordu jarriak, hondartzan batzuk, eta mendi inguruko zirkuituetan ere bai.
Zaldiekiko zaletasuna sustatzea da lasterketa hauen helburua, orain arte ez baitzen ohikoa halako lasterketak hipodromotik kanpo ikustea. Arraza guztietako zaldiek parte hartu ohi dute, arabiarrek, ingelesek edota bietako jatorria dutenek, eta zaldizkoak ez dira jockey profesionalak, zaldiekiko zaletasuna duten herritarrak baizik. Hondartzan zaldi lasterketek marrazten duten irudia, behinik behin, ederra izan ohi da.