GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Waltarik lehen urratsa eman arren, hobetu beharra dauka

Pilotari kubatarrak Alfaro baino hobeto jokatu zuen. Lehen kintzetik aitzineratu zen, baina azkarregi ikusi zuen partida irabazita, eta Alfaro bi kintzetara hurbildu zitzaionean ekin zion berriro lanari

WALTARI 40

ALFARO 25

Jon LEUNDA | SARA

Buruz Buruko Bakarkako Txapelketako lehen kanporaketan ez zen ezusterik izan, eta faboritoak, Waltarik, lortu zuen hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela. Kubako pilotaria gailendu egin zen eta, hala, merezitako garaipena lortu zuen.

Amerikarrak bere ohiko jokoa egin zuen lehen kintzeetan. Pilota fite ibili zuen, sarea eta izkimotza topatuz. Lehen kintze horietako abiaduari ezin izan zion erantzun Alfarok, eta markagailuan aldea irabazi zuen, 13-3 eta 15-9 aitzineratu zela.

Lehen tanto horietan ikusitakoaren arabera, bazirudien garaipena nora joango zen argi zegoela, eta Waltarik berak ere horixe pentsatuko zuen, eta jokoaren erritmoa lasaitu egin zuen. Hartutako abantaila nahikoa zuela pensatu, eta lasai jokatuz garaipena lor zezakeela uste izango zuen. Gauzak ez dira horrela izaten, ordea, eta ikasgai hori oraindik ez du ikasita.

Alfaro bere jokoa egiten hasi zen. Bera ere konturatu zen aurkaria ez zela jokatzen ari lehen kintze horietako abiaduraz, eta hura erasotzeko jokaldiak topatu zituen. Hala, 9-5eko partziala lortu zuen bere alde, eta markagailuan bi kintzetara bakarrik jarri zen, 20-18, alegia. Euskaldunak zailena egin zuen. Berriz partidan sartu zen, eta neurketa berri bat zen handik aurrerakoa.

Waltariren alde dirua jokatutakoak ere urduritzen hasita zeuden, amerikarrak buruz burukoan berehala etsitzen baitu, baina atzo ez zuen horrela egin.

Oraindik kemena bazuenez, berriro ere lehen zati horretan egindako jokoa egiten hasi zen, baita zuloa irekitzen ere, eta 12-1eko partziala lortu zuen, markagailuan, 32-19 jarriz.

Orduan bai, garbi zegoen, oker handirik ez baldin bazen, behintzat, garaipenak nongo bidea hartuko zuen. Lehen gertatutakoa gogoan zuen kubatarrak eta, hala, erritmoa ez zuen jaitsi, eta garaipena erdiesteko modua izan zuen.

Alfaro ahalegindu zen, beste sei kintze gehiago ere egin zituen, baina horrekin konformatu behar izan zuen. Aurten jokatu du lehen aldiz Buruz Burukoa, berria baita profesionaletan, baina lehen kanporaketan agurtu behar izan du lehiaketa honetatik.

Waltari, aldiz, lehen fase hau gainditzeko faboritoetako bat da, baina horretarako partida osoan egin beharko du lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo