GARA > Idatzia > Mundua

Jakinduriaren tenpluan egungo aita santuaren mezuak lekuz kanpo

Aita Santuak Sapienzako unibertsitatearen ikasturte hasieran hitz egin behar zuen. Hori jakitean, hainbat irakasle eta ikasle kontra azaldu eta bisita bertan behera uztea lortu zuten. Bataila hori galduta, Vatikanoak gaurko angelusean parte hartzeko deia egin du.

p036_f01-140X92.jpg

GARA

Aita Santuak Sapienzako Unibertsitatera egiteko asmoa zuen bisitak zalaparta handia sorrarazi du Italian. 67 irakaslek bertan behera utz zezala exijitu zuten, unibertsitatea «gune laikoa» dela eta hala izaten jarraitu behar duela argudiatuz. Horrez gain, Aita Santuaren jarrera kontserbadorea gaitzetsi zuten. Adibide gisa, 1990an Galileo Galileiri buruz esanikoa gogora ekarri zuten. Benedikto XVI.aren aburuz, «Elizak Galileoren aurka abian ipini zuen prozedura judiziala arrazoizkoa eta bidezkoa izan zen». Ikasleak ere bisitaren aurka azaldu ziren eta mobilizazioak antolatzearekin mehatxu egin zuten.

Gauzak horrela, Vatikanoak hitzordua bertan behera uztea erabaki zuen segurtasun eza aitzakitzat jarrita. Barne ministroak, Giuliano Amatok, «segurtasuna erabat bermatuta» zegoela erantzun zion. Eta halaxe izan zen. Ostegunean, Sapienzako unibertsitateak ikasturtearen hasiera polizien artean ospatu zuen. Txapel urdinak non-nahi zeuden. Eta aurrez aurre, ikasle andana.

Joan ez zen arren, Elizaren mezua lau haizetara zabaldu zuen Vatikanoaren prentsa zerbitzuak. Irakasle batek irakurri zuen. Bertan zeuden, besteak beste, Unibertsitateko errektore Renato Guarini, Erromako alkate Walter Veltroni eta Unibertsitate eta Ikerkuntza ministro Fabio Mussi. Hirurak Aita Santuaren eta hark egin behar zuen bisitaren alde agertu ziren.

«Gertaturikoa onartezina da demokratentzat. Ideologiek ezin gaituzte giltzapetu. Laizismoak ez du orain lehen zuen baino indar handiagorik», plazaratu zuen Veltronik. Bere hitzetan, irakasle eta ikasleen protestak «tolerantzia eza»ren isla besterik ez dira izan. Partido Demokrataren buruak Joseph Rantzingerren lana sutsuki defendatu zuen, «milioika pertsonentzat erreferente kulturala eta espirituala baita». Mussi ministroarentzat, Aita Santuari «hitza ematea ez da laizismoaren kontrako erasoa». Bere burua fededun gisa aurkeztu zuen.

Hiri Unibertsitariotik at, hamarka ikasle bildu ziren Vatikanoaren esku-hartzea salatzeko. «Mussi, Veltroni eta hainbeste inkisizioren aurka, askatasuna, etxebizitza eta soldata» zioen pankarta zabaldu zuten. Poliziak ez zien unibertsitatean sartzen utzi. Areto Nagusira iristea lortu zutenek, zutik jarri eta ahoa zapi batekin estali zuten. Ostegunekoari erantzunez. Eliza Katolikoak bihar San Pedro plazan biltzeko deia egin du. Eguerdiko hamabietan, angelusarekin batera, ehun mila lagun bildu nahi ditu. «La Republica» egunkariak aurreikuspen hori nabarmen igo zuen. Haren ustez, 300.000 pertsona elkartuko dira Benedicto XVI.ari elkartasuna adierazteko. Politika arloko izen ospetsu askok angelusean parte hartuko dutela jakinarazi dute eta La Sapienzan, Italiako unibertsitate handienean, eginiko mobilizazioak deitoratu dituzte.

Esanikoak, izaera baten isla argia

Nolanahi ere, Aita Santua eta, oro har, Elizaren parte hartzeak eztabaida sakona piztu du. Askok esku hartze hori mugatu beharra dagoela eta Vatikanoaren izaera kontserbadoreaz ohartarazi dute.

Ratzingerrek, Aita Santua izendatua izan aurretik eta ondoren, eginiko adierazpen gehienek agerian uzten du izaera kontserbadore hori. 2005eko apirilean, esaterako, San Pedroko plazan eginiko homilian zera esan zuen erlatibismoari buruz: «Elizan sinisteari fundamentalismo deitzen zaio. Erlatibismoa hezkuntzaren txoko guztietara zabaltzen ari da. Badirudi, pentsatzeko modu onargarri bakarra dela. Erlatibismoaren diktadurapean mugitzen ari gara. Norberaren desirak dira erlatibismoaren balore nagusiak».

Ezkontzari dagokionez, hauxe esan zuen «La Republica»n 2004an egin zioten elkarrizketan: «Gizona eta emakumea elkarrekin egoteko sortuak izan ziren. Beraien arteko lotura gizadiaren etorkizunaren bermea da; ez bakarrik fisikoki, baita maila moralean ere». Apaizen kontra izan diren bortxaketa salaketei aipamen eginez, Ratzingerrek «prestaturiko kanpaina» bati erantzuten diotela plazaratu zuen 2002an: «Elizan, apaizak ere bekatariak dira. Baina, delitu hori egin duten apaizen kopurua ez da ikusarazi nahi duten bezain altua».

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen kontra ere azaldu da. «Pertsona horiek errespetatu behar ditugu, asko sufritzen baitute. Bizitza zuzenaren bidea beren kabuz aurkitu nahi dute, baina ezkontza ahalbidetzen duen lege bat sortzeak ez die lagunduko».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo