GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hurbileko danbor hotsak

Hemen naukazu, egunkariko orriak aurrera eta atzera gaur zorroztarritik zer pasatuko bilatu nahian, ea zerk edo zerk idazteko zirrara sortzen didan. Baina ez dut erraza zer edo zer zirraragarria aurkitzea, errezoan hasi beharko erraiak erre baino lehenago! Horra, orri guztiei errepasoa eginda albiste bi begitandu zaizkit aipagarrien txotxaldi honetan, Kubako hauteskundeak bata eta Donostiako danborrada bestea, hura gertuagoa dudan arren. Ba, bai, ordenako demokratei arraroa egiten bazaie ere, Kuban izan badira hauteskundeak. Non eta Kuban. Zer eta hauteskundeak. Hala ere, ez dute uharteko hauteskundeok iparreko anaia handiaren caucus zer horiek beste oihartzun izango gure inguruko hedabideetan, zer hedatzen duten seinale. Badakizu kaleko esateko hori, ezta?: esadazu norekin zoazen eta... erabakiko dut zurekin joan ala ez. Tira, danbor hotsak hasiak dira zabaltzen Kantauriko bazterretik. Gogoan dut orain pasatu den mendean ikusitako film hura, Urruneko danbor hotsak; oraingoak hurbilekoak dira, horkoxeak. Urruneko haiek gerrarako dei hotsak ziren, hurbileko horiek jai hotsak dira, eta jaia gustuko ez duenak berak ere jai dauka gau horretan. Jo eta ke dihardute konstituzio plazan danbor joleek. Batzuek gogorrago jo ere, danbor-larrua beheko estatuaren zezen larrua delakoan, larruari kea darion arte. Eta danbor hotsen artean plater hotsak biak zein biak ezinbesteko. Zizka-mizkak abiatzeko. Arrain zopa gero, zizka-mizken egarria asetzeko. Legatz isatsak hurrena. Arkume errea ondoren. Eta izozkia azkena, arkumearen errea freskatzeko edo. Lasaitu ederra behintzat danborrek hartua plater hotsen aldian! Afaria amaitu da, akabo danborren lasaia, lanera! prekarietatera! Plateren lasaia hasten da orain, danbor hotsen aldian, denbora batez behinik behin, emakumezkoak sartu arte. Baietz ba! Zeinek esan du emakumezkoek ez dutela sozietateetan sartzerik? Izan badute, jakina, gizonezkoen atzean sartzerik, denok batera egoteko behar beste lekurik ez dago eta! Baietz ba, emakumezkoak sartu egiten dira! Eta platerak jaso, eta harriaren ingurura bildu ere, eta harrikoa egin, eta sozietatea atondu, ordu batzuk pasatuta konstituzio plazan izandako balizko batailatik goseak datozenek plater garbiak izan ditzaten. Danborren lasaia, berriz; eta akabo platerena. Espero dut gizarte zibila ez izatea sozietate, ez hemen ez Kuban ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo