Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» Idazle eta hizkuntzalaria
Presoetatik haratago
Euskal presoen mataza askatu nahi bada, hortxe behar da hari-muturra bilatu: arazo politiko larri baten aurrean gaude
Gure artetik eraman eta urteetan barrena dozenaka kartzelatan usteltzen diren preso abertzaleei buruz nahi nuke gaurkoan zerbait idatzi. Zerbaitxo behintzat hobe; irakurleak ongi sumatzen dituen arrazoinengatik.
Presoak gure artetik ebatsi dizkigutela esan dut haseran. Gure arteko onena ebatsi digutela zehaztuko nuke. Eta gure arteko beste bizikide batzuk, harrigarriro «passo» eginez, falta diren horiei ez-ikusia eta ahantziarena egiten badute ere, eta presorik ez balego bezala bizi nahi badute ere, «ez gaude denok». Presoak falta zaizkigu. Isiltzen direnak ados dira funtsean Madrileko ministro harekin: «Hay detenciones, y las habrá ; porque el Estado de Derecho no está en tregua». Belarriak eta begiak ixten dituzte koldarki: «No sabía. Pensaba que estaban ya en la calle».
Europan beste inon aurkitzen ez diren preso zerrenda beldurgarri horiek eskaintzen dituzte borrokalari abertzaleek; askotan tortura zantzuak nekez izkuta daitezkeelarik. Eta hau XXI. mende haserako Europan ez da normala.
Hauta ditzagun preso batzuk.
Gatza Sagardui zornotzarraren kasu ikaragarria dugu aurrena: 28 urte preso beteko ditu aurten; Nelson Mandelaren marka hitsa berdinduz.
Orpoz orpo darraikio Jon Agirre Agiriano aramaioarra, 27 betetzeko bezperan. Osasuna erabat galdurik (artrosia, diabetea, bihotz ahulezia), 92. Artikulua aplikatu beharko zitzaion aspaldisko. Baina espainiar Gobernuak ezetz erantzuten du .
Behin eta berriz argitaratu diren zerrendetan agertu denez, beste dotzena bat preso dago eri larri, han eta hemen.
Gotzone Lopez de Luzuriaga da ezagunena beharbada. Bularreko minbiziak jota, 19 urte betetzeko zorian dago; eta behar duen osasun tratamendua beti ez lortu- rik, ahal bezala eramaten du bere kalbarioa .
Jon Bilbao erandiotarrak, bere aldetik, 26 darama barruan .
Torre Altonaga bizkaitarrak, Lemoizko sabotaia dela-eta, 16 urte bete zituenean, ikaratu egin ginen denok: 16 urtez preso! Baina geroztik hamar urtez gorago jarrita dago listoia .
Fernando Etxegarai plentziarrak, esate baterako, egun hauetantxe jaregina, kartzelaldi oso-osoa bete behar izan du: 20 urte .
Eta, hala ere, gauzak okertzeko trikimailuak asmatu dituzte presoen etxerabidea oztopatzeko.
Pakito Lujanbio hernaniarrari gertatu zaiona, esate baterako: abenduaren 30an irten behar zuen; baina «30 urte osoak» bete beharko dituela abisatu diote, eta 2014ra arte despeditzeko.
Troitiño-tarren kasua dago. Antxonek egun hauetantxe burutuko ditu 21 urte; eta Txomini, joan den 2006an irtetekoa, «Parot dotrina» aplikatu eta beste hamar urtez beharko du itxaron.
Eta abar, eta abar.
Presoen tragedia isila ezagutarazten saiatzen da Etxerat elkarte miresgarria. Aski du edonork telefonoz deitzea presoen egoera ezagutzeko.
Eta ziplo datorren galdera hauxe da: Noiz arte jasan beharko du herri abertzaleak zigorketa dorpe hau? Noiz arte ehunka presok eta milaka senidek sufritu beharko dute Europan beste inon ikusten ez den eskandalo hau? Eta dagokion zoritxar saila: bidaia luzeetan gertatzen diren errepide istripu hilgarriak, telefonozko komunikazio eteteak, presondegi aldaketak (beti ere etxetik urrunago).
Autozentsuran etsi behar al dugu, geure burua isilaraziz? Herri honi dagokion Auto Determinazio eskubidea aitortuko ez zaion artean, hemen gertatzen diren eskubide urraketen katea ez da puskatuko. Esan dezagun goraki.
Euskal presoen mataza askatu nahi bada, hortxe behar da hari-muturra bilatu: arazo politiko larri baten aurrean gaude.
Egoera «desdramatizatu» egin behar dela esatea hitzontzikerian erortzea da. Oso aspaldidanik jasaten dugun herri-ukoa erauzi gabe ez baitago desdramatizaziorik. Arazo politikoa dagoela aldarrikatu; eta hortik abiaturik negoziaketari ekin. Horra bide bakarra .
Herri honi, beste edozein herriri bezala, bere burua libroki hautatzen utzi. Eta orduan horren errespetuan bakea eta etorkizuna eraikiz.
Baina bai 18/98 epaiketak bai ondoko asteotan burutuko direnek («Egunkaria», Udalbiltza eta beste) ez dute ezer onik idarokitzen. Aipatu behar ez den bicharen kontrako borroka aitzekian, zigorketa banatuko batera eta bestera. Eta presoen kopurua hazi egingo dela berriro.
Berriz ere: Noiz arte?