GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lopez: «Izugarria da hainbat jelkide PPrekin hitzarmenak sinatzeko prest agertzea»

PSEko idazkari nagusiak «izugarritzat» jo du PPrekin hitzarmenak sinatzeko EAJko buruzagi batzuek agertu duten prestutasuna, eta «haien interesak asetze aldera, herri hau hipotekatzeko» gai izatea leporatu zien.

GARA |

Adierazpen horiek PSEk Gasteizen egindako ekitaldi batean egin zituen Patxi Lopezek. Izan ere, PSEko buruzagiek alderdi jeltzalea izan zuten hizpide, martxoaren 9an Estatu espainolean egingo dituzten hauteskundeetara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagaiak aurkezteko atzo goizean egin zuten ekitaldian.

Arabatik, Ramon Jauregui eta Javier Rojo izango dira zerrendaburu; Bizkaian, Eduardo Madina eta Lentxu Rubial; Gipuzkoari dagokionez, Miguel Buen izango da Kongresurako lehena eta Alberto Buen bere anaia Senaturako zerrendaburu izango da.

«180 graduko bira»

Azken asteotan, EAJk «180 graduko bira egin du» Lopezen esanetan: «Berriro ere, nazionalisten erradikaltasunean eta erabateko indefinizioan kokatu da», gaineratu zuen. Hala ere, PSEko idazkari nagusiaren iritziz EAJk egin duen «izugarriena» PPrekiko hartu duen jarrera izan da.

Lopezek salatu zuenez, «herri honetan gertatu dena gertatu ondoren, EAJko buruzagiek diote orain dena ahazteko prest daudela eta ez dutela inolako arazorik PPrekin hitzarmenak sinatzeko, betiere, haien gauzetan sartzen diren bitartean». «Izugarritzat» jo zuen jarrera hori PSEko idazkari nagusiak, eta EAJko boto-emaleei zuzendu zien galdera: «Buruzagiek diotenarekin ados dira eta haiei ere berdin zaie Espainian zeinek gobernatuko duen?». Lopezen ustez, «gaur egun, EAJko boto-emaile asko harrituta daude haien buruzagiak hartzen ari diren erabakiak direla-eta».

PPrekin akordioak lortzeko prestutasun horrek Lopezen esanetan adierazten du «ez zaiela batere inporta lubakietako garaietara itzultzea».

Azkenik, «erabakitzeko eskubidea» izan zuen hizpide PSEko buruzagiak. Sarri esan ohi duten bezala, Patxi Lopezek honakoa errepikatu zuen beste behin: «30 urte daramatzagu gure oraina eta gure geroa erabakitzen, gure ordezkariak aukeratzen ditugun bakoitzean erabakitzen dugu». Eta egoera horren aurrean, Ibarretxe lehendakariaren herri kontsulta egungo arazoei iraganeko erantzunak ematea dela gaineratu zuen.

Datozen hauteskundeetarako kanpainan kokatutako ekitaldian, Patxi Lopezek, bere «ibilbide mapa»rekin euskal gizartean bereizketak sortuko dituela egotzi zion Ibarretxeri.

Jarrera horren kontrako konpromisoa iragarri zuen PSEko idazkari nagusiak: «Ez dugu onartuko euskal gizartean herritarren eta lurraldeen arteko bereizketak sortzea».

bizikidetza

Erabakitzeko eskubideari dagokionez «ondo gaude» Patxi Lopezen iritziz. Horren aurrean, aldiz, herritarrek «gizarte ireki eta plural batean bizikidetza gauzatzeko eskubidea» omen da herritarrek eskatzen dutena.

Unai Ziarretak «mezu kontrajarriak» ikusten ditu

EAko presidenteak, Unai Ziarretak, azken egunotan EAJko buruzagiek egindako adierazpenetan «mezu kontrajarriak» antzeman ditu. Batetik, Ortuzarrek eta Urkulluk esandakoa nabarmendu zuen, «Rajoy babestearen alde», eta bestetik, atzo bertan Jose Antonio Rubalkabak esandakoa, hots, erabakitzeko eskubidea defendatuko dutenak soilik babestuko dituztela. Horren aurrean, Ziarretak Lakuak eginiko proposamenaren aldeko hautua egiten du.

Bestalde, Mikel Arana EBko bozeramailearen ustez, ez du merezi erabakitzeko eskubidearen aldeko koalizio zabalaz hitz egitea: «Politika erreala baino gehiago, auzi mediatikoa izan da». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo