Xabi Larralde eta Beatrice Peyrucq izanen dira Baiona Berriko zerrenda buruak
Eneritz ZABALETA |
Baiona Berria plataformak, atzo aurkeztu zituen martxoko hauteskundeetako zerrenda eta lan ildoak. Orain sei urte plataforma sortu zenean bezala, Beatrice Peyrucq eta Xabi Larralde izanen dira udal hauteskunde hauetarako zerrenda buruak.
Azken sei urteetan, Baionako udal kontseiluan egindako lanaren balorazioa egin zuten plataformako kideek, eta balorazio horri begira Baiona Berria «Grenet dinastiari benetako oposizioa egin dion talde bakarra» izan dela adierazi zuten.
39 izeneko zerrenda osatu du plataformak eta taldeko kideen arabera, zerrenda «Baionako auzo eta errealitate sozialen» erakusleiho ahalik eta leialena izateko gisan osatu dute.
Sexu berdintasuna helburu
Hauteskundeei begira plataformak landuko duen programari dagokionez, sei puntutan oinarrituko da, Amaia Fontang, plataformako kideak zehaztu zuenez: etxebi- zitza eskubidea bermatzea, ingurumena eta garraioa, Baionaren garapen ekonomikoa eta enplegua, kultur aniztasuna eta euskararen sustapena, eta herri demokrazia eta gizon eta emazteen arteko berdintasuna.
Atzoko agerraldian azkeneko lan ildoa garatzea erabaki zuten Baiona Berriko kideek. Horretarako, irudiaz baliatu ziren, aitzinean emazteak jarri zirelako eta haiek izan zutelako hitza. Sexuen arteko berdintasuna bultzatzeko hainbat proposamen plazaratu zituzten. Politikoki, BAB herri elkargoan, eta Herriko Etxeko komisioetan ardura postuetan berdintasuna gauzatzeko konpromezua hartu zuten.
Horrez gain, Baiona, sexuen arteko berdintasunaren aldeko herri pilotoa izatea proposatu zuten. Horre- tarako, sexu berdintasuna gauzatzeko lehen alkateor-dearen postua sortzeko proposamena egin zuten. Alkateordeak, hainbat laguntzai- lerekin eta hautetsi eta herritar talde batekin batera, sexu berdintasuna gauzatzeko plana eratu eta aplikatzeko ardura izanen luke. Azkenik, diskriminazio egoerak zaintzeko Behatoki baten sorrera ere iragarri zuten Baiona Berriko kideek.