GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentzia xede eta Lezo kokagune izango du Topaguneak

Datorren martxoaren 21ean hasi eta 24a bitarte, lau egunez, Lezok etorkizuna irudikatu eta independentzian bizitzeko aukera eskainiko die Gazte Topagunera hurbilduko diren milaka gazte horiei. «Etorkizuna independentzia» izango du lelo, horixe baita gazte independentisten esanetan, «herri honek eta gazteria honek duen etorkizun bakarra».

p023_f01_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

«Lezoko teilatuetan, independentzia idatzi ilunabarrean. Bizi itzazu ametsak, amestu beharrean». Horrela dio aurtengo Gazte Topagunerako Hesiak musika taldeak egindako abestiak; eta horixe izango da datorren martxoaren 21etik 24ra bitarte Lezon gazte independentistek bete nahi duten helburua: etorkizuna independentzian eraikitzea.

Ehun gazte independentista inguru atzean zituztela, Ion Telleriak eta Ainara Bakedanok, «Konstituzio espainolak eta Frantziako errepublikak Euskal Herrira gau iluna ekarri dutela» nabarmedu zuten. Haien ustez, «estatu arrazoiek eta diruzalekeriak» bertan behera utzi du mahai gainean zegoen prozesua; eta orain gainera, «bi estatuek herri honi uzten dizkioten ogi apurrak banatzeko prest» dagoenik ere badela gehitu zuten. Telleriaren aburuz, horren adierazle da euskarak egun bizi duen egoera, espekulazioaren handitzea edota AHTren inposizioa bera ere.

Gazte independisten ustez, horixe da «bai Konstituzio espainolaren zein frantziarraren askatasuna, berdintasun eta anaitasunaren eskaintza bakarra», eta gainera bi horiek «etorkizunaren ukatzaile» direla adierazi zuten. Hala ere, haien ustez bada bigarren aukera bat eta hori independentzia da.

«Etorkizuna, independentzia» lelopean, egingo dute aurtengo Gazte Topagunea eta horren arrazoia, «gazteriari independentzia marraztea egokitu» zaiola da. Baina independentzia margotze hori zer ote den galdetuta, Euskal Herria marrazten duten borroka guztiak direla azaldu du Telleriak; «euskaraz bizitzea, Bologna prozesua gelditzea edota maite ditugunei `maite zaituztegu' esatea» da independentzia haren ustez.

Independentzia eraikitzeari ekin eta Euskal Estatu Sozialista begibistan dutela azaldu zuten. Alta, tarteko xede gisa erabakitzeko eskubidea eskuratzea beharrezkotzat jota, erabakitze eskubidea duten bi autonomia eskatu zituzten Euskal Herriarentzat. Esparru horiek gainera, «negozioa edota Estatu handitasunak bultzatuta ukatu» daitezkeela deritzote; «EAJk, NaBaik, PSOEk eta UMPk egin bezala», nabarmendu zuten.

«Poltronei begira egon beharrean, herri gisa aritzeko garaia iritsi da», haien esanetan. Hala, errealitate hori ikusarazteko hitzordu paregabea topatu dute: Hauteskunde espainolak eta Ipar Euskal Herriko herriko etxe eta kantoietakoak. Bertan ere, independentziaren alde eginen dutela berretsi zuten.

Bestetik, EAJk eta NaBaik, PSOErekin batera, «Euskal Herria gatazkara eta menpekotasunera kondenatuko duen iruzur berria» egin nahi dutela azaldu zuten. Baina «ez dietela utziko» esan eta «etorkizun bakarra independentzian oinarriturikoa» dela nabarmendu zuten.

spot-A

Giro ezin hobean aritu ziren ehun gazte inguru Lezoko karriketan barrena Gazte Topagunerako promoziorako spota grabatzen. Ikasleak, gazte asanbladetako kideak eta txarangak ere izan ziren bertan.

webgunea

Gaztetopagunea.net helbide elektronikoan ekarpenak, ideiak eta proposamenak biltzeko blog berezia dago. Gainera, gaurtik aurrera topagunearen inguruan egiten den guztia bertan egongo da ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo