GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak behatoki ekonomikoa sortu nahi du aurten

GARA |

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) bere hirugarren urtemuga ospatu zuen atzo Ainiza Mojolosen egindako ekitaldi batean. Ehunka pertsona bildu ziren «Oztopo guztien gainetik, Laborantza Ganbara bizi da» lelopean. Izan ere, administrazioak diru laguntzen ukatzearen eta beste oztopoen gainetik bere lana garatzen ari dela nabarmendu zuten parte hartzaileek.

Egoitza berria zabaltzeaz gain, Laborantza Ganbarak aurtengo lan ildoak eztabaidatu zituen. Esate baterako, ardi esnearen inguruan «ossau-irati» izeneko gazta markak eskatzen dituen kaliteatea bermatzeko araudia zorrotzagoa da. Ekoizleei araudi berri hori betetzen laguntzeko lana jorratuko du.

Aldi berean, abereen elikaduran proteinaren beharrean arituko da. Ipar Euskal Herria proteinari dagokionez defizitarioa da. Hortaz, kanpoan erosi behar da eta proteina transgenikoa sartzeko arriskua dago. Ganbarak garatuko duen lanean, proteinak transgenikoak ez diren jatorria duela bermatzea nahi du.

Lanaren beste ardatz bat Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren inguruan behatoki ekonomikoa sortzea izango da. Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariaren arabera, «gaur egun Ipar Euskal Herria ez da existitzen», ez baitago inolako datu estatistikorik. Ekoizpenak, diru laguntzak, balio gehigarria eta bestelako datuak biltzea da ekimen honen asmoa. Bestalde, Paueko Laborantza Ganberak «Baserria» erakustazoka egingo du Baionan ekainaren 7 eta 8an. Garrüzen urtero egin ohi diren Abeltzaintza Egunei «bultzada emateko eta jende gehiagori irekitzeko» egin dutela aldaketa hau adierazi du Jean-Mixel Anxolabehere Ganberako lehendakariak.

Alta, EHLGk azken bi urteotan antolatu duen Lurrama erakustazokarekin lehian sartzen dela uste duenik ere bada. Izan ere, Baionan egingo da, leku berean, hots, Xaho ibilbidean eta Glain gunean, eta formato bertsua izango du Baserriak.

Anxolabeherek aitortu du biek antzekotasunak dituztela, baina Baserria azokaren ideia Lurrama egin baino lehenago lantzen ari zirela. Bere esanetan, Lurrama ez bezala, Baserria euskal abereen markak erakustera bideratuko da nagusiki.

Kopiatu eta itsatsi

Bestalde, Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariak «kopiatu eta itsasi» bat delakoan dago. Hala ere, Paueko Ganberak «transgenikoak zergatik defendatzen dituen; ureztatzearen, bioetanolaren edota gobernuak berak debekatu nahi dituen hainbat molekula kimikoen erabilpena zergatik garatu nahi duen azaltzeko balio badu» Berhokoirigoinek ez du oztoporik ikusten. «Horrela herritarrek ikusi ahal izango dute bi erakustazoken planteamenduen arteko aldea», gaineratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo