Emakumezkoen Superliga
Ezusterik ez, eta aurten ere puntuak Bilbora joan dira
Partida kaskarra egin arren Erikaren gola nahikoa izan zuen Athleticek
ATHLETIC 1
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Aurreikuspenak bete egin ziren, eta Athleticek eraman zuen emakumezkoen derbia, nahiz eta azkenaldian baino askoz ere lan gehiago eman zion Realak.
Bizkaitarrak gehiago izan ziren, eta merezita eraman zituzten puntuak, baina egindako jokoa ez zen apartekoa izan. Lehen zatia oso kaskarra izan zen. Laugarren minutuan Ibarrak baloia zutoinera bidali zuen, eta bederatzi minutu geraogo epaileak ez zuen baliozkotzat eman bizkaitarren gola, Aizpuru atezainari bultza egin ziotelako. Baloiaren jabetza zuri-gorriena zen, baina ia ez ziren Aizpururengana gerturatzen. Gipuzkoarrak, aldiz, beren zelaian igaro zuten ia lehen zati osoa, eta azkeneko minututan egin zuten apur bat aurrera.
Bigarren zatiaren hasieran, Erikak aitzineratu zituen bizkaitarrak bakarkako jokaldi bati amaiera emanda. Hurrengo minutuetan etxekoak berdinketa gertu izan zuten, baina Larraitz Lucasen bi jaurtiketek ez zuten atea gainditu.
Gero, Athleticek kontrolpean izan zuen, baina ez zuten aukerarik sortzen. Azkeneko minutuetan zuri-urdinak presioa sartzen hasi ziren, eta estu hartu zituen aurkariak. Azkeneko minutuan Lucasek beste aukera bat izan zuen, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen. Amaieran, ezusterik ez, eta puntuak Bilbora joan ziren.