European Challenge
Avironek ez du irabazteko inongo aukerarik izan
Italiarrak lehen minututik hasi eta azkenekora arte gehiago izan ziren
Jon LEDUNDA | BAIONA
Amaitu da Europako ibilbidea Avironentzat, eta emaitza eskasarekin bukatu du gainera. Atzo, multzoko talderik kaskarrenaren zelaian jokatu zuen, Padovan, baina ezin izan zuen ezer lortu. Hala ere, multzoko hirugarren postuan amaituko du.
Avironek garbi zeukan bere erronka Liga zela, eta horrelaxe jokatu du txapelketa hau. Atzo ere, zelaian aritu ziren jokalaririk gehienak Ligan gutxien aritzen zirenak izan ziren, eta ordezkoak zergatik diren agerian utzi zuten.
Italiarrek irabaziz amaitu nahi zuten txapelketa hau, eta garbi utzi nahi zuten herrialde horretako errugbiaren maila gorantz doala. Lehen minututik erasora jo zuten, eta zuri-urdinen gainetik aritu ziren.
Lehen zati honetan, etxekoak gehiago izan ziren, eta aukerak ere askoz ere gehiago izan zituzten, eta 10-0 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera. Gauzak nahi zuten lekuan zituzten. Bigarren zatian ere gauzak ez ziren gehiegi aldatu, Padovak agintzen jarraitzen zuen, eta transformatutako entsegu bat gauzatu zuen.
Avironek, aldiz, ez zuen ezer asko egin, eta entsegu batekin konformatu behar izan zuten. Hala ere, Avironen helburua ez zen Europa, eta kanpoan geratzeak ez du zalaparta handirik sortuko.
Euskaldunik ez
Azken urteetan ez da inoiz gertatu, baina Europako ibilbidea oso azkar amaitu da aurten euskal taldeentzat. Avironentzat hau da normalena. Beren helburua Top 14an jarraitzea da, eta horretan jartzen dute indarrik handiena, nahiz eta European Challengen aurrera egiteko aukerak ere ez dituzten baztertzen, baina kanpoan geratzea ere ez da inongo arazoa.
Bestelako kontuak dira, ordea, Biarritzen; izan ere, beraiek Europako lehiaketarik garrantzitsuenean aritzen baitira, eta asmo bakarra hori irabaztea zen, baina final-laurdenetara sartu ere egin gabe kanpoan geratzeak min egin die, bai taldeari, baita zaleei ere.
Orain dela hiru eta lau urte finalerdiak jokatu zituzten, orain dela bi finala, eta iaz, ere uste baino lehenago geratu ziren kanpoan, final-laurdenetan kanporatu baitzituzten. Aurten, ordea, ez dira kanporaketa hori jokatzera ere heldu.
Diru asko gastatu dute, talde handia egin nahi dute, eta punta-puntan ibili, baina bi Liga jarraian irabazi ostean, badirudi beheranzko bidea hartu dutela. Iaz Ligako finalerdietan doi-doi sartu ziren, eta Europan azkar geratu ziren kanpoan. Aurten ere lehiaketa batetik at daude, eta Ligan ere ez dabiltza kanpaiak jotzeko moduan.