Waltarik hasi bezain azkar erabaki du partida
J.L. | PAUSUA
Ez zen ezusterik izan eta Agusti Waltarik bakarkako hirugarren kanporaketa jokatzeko txartela lortu zuen atzo Pausuan jokatu zuen neurketan.
Kubatarrak sekulako abiadurarekin ekin zion neurketari, eta hamabi minututan ia kanporaketa erabakita utzi zuen. Oso ongi ekin zion, gauza guztiak ongi eginez, eta horri esker, 20-1 aitzineratu zen. Hamabi minutu besterik ez, eta ia dena erabakita zegoela zirudien.
Ordura arte, Etxeberrik ez zuen asmatzen, baina aurkariak, berriz, dena egiten zuen ongi. Baina, apurka-apurka jokoan sartzen hasi zen, eta baita markagailuan gerturatzen ere, eta bigarren zatian gauzak aldatzen hasi ziren.
Lapurtarra ere asmatzen hasi zen, kintzea luzatzen, eta aurkariaren zuloak topatzen ere bai. Mirariak ia ezinezkoa ematen zuen, baina 14-25eko partziala lortu zuen euskaldunak, eta markagailuan asko gerturatu zen, 34-26ra hurbildu baitzen, baina tarte horretan egindako lanaren ordaina jaso zuen hurrengo kintzetan, eta ezin izan zuen beste tanto bat besterik egin.
Amaieran, garaipena kubatarrak eraman zuen, eta bere lana ikusgarria izan zen, batez ere lehen zatian. Garbi utzi zuen berak duen sakea oso zitala dela, hamabost egin baitzituen, eta horrenbeste tanto lehen jokaldian lortuta, ia ezinezkoa da galtzea.
Larretxea ez da arituko
Hurrengo bi kanporaketak hilaren 30ean ziren jokatzekoak Ezpeletan, baina bakarra izango da. Izan ere, Jean Claude Dermitek eta Larretxeak jokatu beharrekoa ez baita jokatuko.
Larretxea min hartuta dago, eta egun horretarako osatuko ez denez, uko egin behar izan dio lehiaketari, eta Dermitek jokatu beharrik gabe egingo du aurrera. Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina jadanik bi pilotari, Errekart eta Larretxea, min hartuta jokatu ezinik geratu dira.
Beraz, azken orduko ezusterik gertatzen ez bada, Aranburu eta Waltariren partida bakarrik izango da Ezpeletako trinketean. Han ere pilotari kubatarra aterako da faborito.