Lehen itzuliko azken partida
Berehalako helburua, ekar dezakeen sariaren aurretik
Igoerako postuetara irits daitezkeen arren, armaginek hiru puntuak soilik dituzte buruan
EIBAR - SPORTING
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Lehen itzulia ezin hobeto amaituko du Eibarrek gaur eguerdian. Izan ere, galduz gero gorri-urdinak denboraldi hasieran egindako kalkuluen gainetik ibiliko dira, mantentzeko behar dituzten 50 puntuetatik 29 lortu baitituzte dagoeneko. Garaipenak, noski, abuztuan pentsaezina zirudien egoeran jarriko luke talde gipuzkoarra, igoera postuetan dagoen Sporting bera harrapatuko bailuke.
Eibartarren diskurtsoa baina, ez da aldatzen. Saria hain erakargarria izan arren -eta bidea, azken finean, bera bada ere-, berehalako helburuan besterik ez dute burua, hots, gaur jokoan dauden hiru puntuetan. «Garaipena nahi dugu, 50 puntuetatik gertuago egongo garelako eta konfiantza emango digulako hurrengo partidetarako», nabarmendu zuen Javier Mandiolak.
Ohi den bezala, entrenatzaile eibartarrak baikor ekingo dio norgehiagokari, aurkaria oso gogorra dela onartu arren. «Kalitatezko taldea, praktikoa eta erasotzailea da Sporting. Baina partida gal dezake, Castellonen aurka gertatu zitzaion bezala. Nik ondo ikusten dut nire taldea, eta hiru puntuak eskuratu ditzakegula uste dut», esan zuen entrenatzaileak. Bestalde, Manixi ez zaizkio hutsuneak gehiegi axola, bere ustez, taldean datza Eibarren indarra.
Lau izango dira hutsuneak aste honetan, Etxabe eta Markel min hartuta baitaude eta Carmelo eta Insa, berriz, zigortuta. Astean egindako entseguen arabera, Jon Altunak eta Joseba Del Olmok ordezkatuko dituzte azken bi hauek hasierako hamaikakoan. Arazo fisikoak gainditu ondoren, Txiki ere taldera itzul daiteke, Manel aulkian utzita.
Sportingi dagokionez, hainbat aldaketa egin ditzake Manolo Preciadok, hala nola, Gerard, Barral eta Sastre hamaikakora itzultzea. Kike Mateok, berriz, ziur asko aulkian eserita hasiko du norgehiagoka.
Balenziagaren zain
Bestalde, neguko lehen fitxaketa egitearen zain dago Eibar. Mikel Balenziagaren fitxaketa, hain zuzen ere, Manixek atzo onartu zuenez.
Bere zesioa gauzatzeko baina, Realak aurretik Alberto Morgado fitxatu nahi du.