GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

INAUTERIAK SUNBILLAN ETA ITURENEN

Hitzez deskribatu ezin diren emozio uneak

Bertze hainbat herritan bezala, Sunbillan eta Iturenen bestarik onenak dira inauteriak. Bizilagunek lan izugarria egiten dute dena prestatzeko eta emozio handiz bizi dute jaia. GARA Malerrekako bi herri horietan izan da protagonistekin hain luze itxarondako egun berezi hauetaz solasean.

p006_f01.jpg

Maider IANTZI

Joaldunak antzinako esanahi bera du. Arropa ere bera da, nahiz eta gauza bat edo bertze aldatu. Lehen, etxeko edozein zapi jartzen zen lepoan, arrebak edo amak buruan erabiltzen zuena. Baina kanpoan ibiltzen hasi ginenean, dantzarien zapi gorria hartu genuen, larru zuriarekin gehiago nabarmentzen baita, eta inauterietan ere, hala ateratzen gara gehienok. Gainerakoan arropa bera da. Kontuan izan behar da joalduna ez dela inauterietako egun guztietan berdin jaunzten. Ortzegunean eta larunbatean herrian puskak biltzen ditugunean, gerriko larrua, isopoa eta joarea soilik eramaten ditugu, Errege bezperan bezala. Jantzi osoa igandean, astelehenean eta asteartean jaunzten dugu, baita iraileko Joaldunen Egunean ere. Orduan, baserritarren abarkak, zapinak, galtza urdinak eta alkandora jartzen ditugu, azpiko gona ere bai, eta gainetik bi larru, gerrikoa eta bizkarrekoa. Joare handi batzuk lotzen ditugu gerrian eta bertze bi txiki bizkarrean. Eskuan isopoa eramaten dugu, buruan tunturrua eta lepoan arestian aipatutako zapi hori».

Javier Bereau Iturengo joaldunarekin elkartu ginen astearte ilunabarrean herriko ostatuan, dantza entseguaren aitzinetik, eta tximinia ondoko goxotasunean berriketan aritu ginen. Ezer baino lehen kontu bat argitu nahi izan zuen: sarritan komunikabideetan zanpantzar izena eman diote joaldunari, baina ez da egokia. Orain dela hiru bat urte, Udalaren bitartez, Euskal Herriko hedabideetara eta udaletara idatzi bat bidali zen oker hori zuzentzeko, zanpantzarrak joaldunarekin deus ikustekorik ez duela argitzeko. Bereauk oroitarazi duenez, kanpoan ibiltzen hasi zirenean sortu zen nahasketa, ematen zuen zanpantzar joaldunaren erdarazko izena zela, baina ez da hala, joalduna joarea duena da eta zanpantzar bertze pertsonaia bat. Irunen, adibidez, inauterietan zanpantzar hiltzen dute, baita Lapurdin ere.

Lehen otsoak eta azeriak etortzen ziren bordetara ardiei bildotsak jatera, eta joarearen soinua uxatzeko baliagarria zen. Izpiritu txarrak eta sorginak izutu eta lurrak produktu onak emateko ere erabiltzen zela erraten dute. Gaur egun, istorio horiek guztiak ahaztuak dira eta kultur ondare bezala hartzen da ohitura, Bereauk baieztatu zuenez. «Hazi egin da, gainera. Lehen zortzi joaldun baldin baziren, orain berrogei dira. Joareak ere lehen gutxi izaten ziren. Orain dela laurogei urte edo gehiago, hemen lau pare joare izanen ziren, eta jartzen zituena ahal zuen denbora gehien egoten zen horiekin. Horregatik ematen zuten lehengo zaharrek egun osoa edo bi egun joarearekin, kendu gabe, paratzea lortzen zutenean aprobetxatu egiten zutelako. Orain gero eta joare gehiago dago, ez daukagu arazorik».

Emakumeak desfilean

Joaldunen jaia gizonezkoen kontua zen antzina. Orain dela 35-40 urte, emakumeak Errege bezperan eta gauez parrandan ibiltzen ziren, ez jantzi osoa jantzita, baina bai joareekin. Eta orain dela 20 bat urte, bi emakume atera ziren lehenbiziko aldiz desfilean, asteartearekin, Zubietara joateko. Javier Bereauk gogoratzen duenez, ez zitzaion garrantzirik eman, bertze edozein pertsona bezala jantzi ziren. «Hasieran zaharrei-eta atentzioa eman zien, baina anitzi ongi iruditu zitzaien, polita zen berentzat andre bat joareekin ikustea. Hurrengo urtean Zubietan ere hasi ziren. Orain ez dira emakume asko janzten, bi-edo izanen dira», agertu zuen. Joareekin desfilatzeko aukera badago, eta badira andreak joareak erosi dituztenak, Iturenen bakoitzak bere jantzia izaten duelako, ongi gordea, gainera. «Maiteak izaten dira norberaren joareak eta ez da hagitz gustukoa izaten bertzeei uztea».

Urtero ateratzen den bertze pertsonaia bat hartza da. Mendiko animalia indartsua izaki, joaldunen egiteko bera zuen antzina: otsoak eta azeriak uxatzea. Jaietan joaldunen tartean ibiltzen da, jendeari erasoka, tokia eginez. Mozorroak ere ez dira urrun izaten. Etxeko arropa zaharrak eta neka- zaritzako tresnak aprobetxatzen dituzte hauek. Badira lagun taldeak gosaltzeko gelditu, eta mozorroa momentuan prestatzen dutenak, iratzea, arto kozkorrak, sasia, otea edo zernahi material erabilita. Koadrila bakoitzak karroza bat izaten du eta zirkoa antolatzen du inguruan, Sunbillan bezala.

Gaur goizeko hamaiketarako dago iragarria Sunbillako inauterietako ekitaldirik ikusgarriena eta jendetsuena, karrozen desfilea. Leku Ederretik abiatuko dira urteroko hiru karrozak -tortillena, saldarena eta opilak, gaztain erreak eta ardoa eskaintzen dituena- eta traktorea, zerria eta bildotsa eramaten dituena itzulia egin ondotik zoz- ketatzeko. Baina gainerakoak ikusi nahi dituenak Malerrekako herrira joan beharko du. Ulibeltzak elkarteko presidente Nerea Petrirenak azaldu duenez, talde guztiek koordinatzaile bati erraten diote zein karroza egin behar duten eta bera arduratzen da ideiak ez errepikatzeaz. Berak bakarrik daki karrozak nolakoak izanen diren eta, Petrirenaren ustez, misterio hori da politena. Hortaz, artikulua gaur kaleratuko zela ziurtatu diogun arte ez digu sekretuaren berri eman.

Gospel foro bat prestatu dute, eta hamasei pertsona aterako dira, hamairu heldu eta hiru ume, denak berdin jantziak. Abesbatzako zuzendariak, berriz, traje beltza izanen du soinean. Joan den urtean sortu zen ideia, baina azken unera arte zalantzan ibili dira egin edo ez, gehienak Sunbillatik kanpo bizi direlako. «Aspaldidanik ez ginen ateratzen, baina joan den urtean 25. urteurrena zela-eta animatu ginen. Besta hagitz politak dira inauteriak, eta igandeko egunaz zer erran... ez dago bertzerik». Ortziraleko andreen afariari ere ederra deritzo. 110 lagun inguru biltzen dira urtero eta berezia izaten da, gizonak arduratzen baitira prestatzeaz eta zerbitzatzeaz eta kultura elkarte batek ezusteko bat prestatzen baitite.

«Herriari buelta ematean soinua sumatzen da, dena bat da, zenbat eta soinu handiagoa, orduan eta politagoa izaten da»

Javier Bereauk txikitatik astindu ditu joareak. Errege bezperan hasi zen, herriko bertze haur asko bezala. Garai hartan joare gutxi zegoen, eta ezin aurkitu aritzen ziren. Urteren batean gabe ere gelditu zen Bereau. Geroago, 15 urte bete zituenean, inauterietako desfilean parte hartzen hasi zen, anaia zaharraren jantziarekin. Egun batean anaiak erabiltzen zuen eta bertzean Javierrek.

Zer sentitzen dute joaldunek desfilean? Nola deskribatzen ahal da emozio hori? Bereauk erran zuen ez dela azaltzen ahal. «Jende pila bat ikusten ari denean gustura aritzen gara, baina herrian bertan, inor ez dagoenean eta lehengo zaharrak leihotik begira daudenean, gusturago agian, lekua izatea gustatzen baitzaigu, leku garbia». Astelehenean Zubietakoekin elkartzen dira Lasaga auzoan, eta emozio handiko uneak izaten dira, une politak. «Koadrilan herriari buelta ematean soinua sumatzen da, dena bat da, zenbat eta soinu handiagoa, orduan eta politagoa izaten da», kontatu zuen Iturengo joaldunak. Hurrengo egunean Zubietara joan, hango itzulia egin eta agurtzean pena pixka bat sentitzen dutela aitortu zigun Javier Bereauk. «`Dios, aurtengoa bukatu da!', pentsatzen dugu orduan. Urte osoan egun berezi hauen esperoan egoten gara, eta sentsazio arraroa da bestaren amaieran sentitzen dena. Dena den, adinarekin egiten joaten zara. 20-30 urterekin pena handiagoa da», azaldu du irribarrez. M.I.

Hogei urte darama jaliskok karroza desfilean parte hartzen

Aitor Ibarra Jalisko, Jalisko taldeko abeslaria, 12 urterekin hasi zen karrozak egiten. Orain 32 ditu, eta denbora tarte horretan guztian ez dio inauterietan desfilatzeari utzi. Kontatu digunez, abenduko lehenbiziko astean hasten dira koadrila gehienak prestaketa lanetan, baina aurten berandu ekin diote Ibarrak eta lagunek artzain txakur lehiaketako karroza eraikitzeari.

Urteko bestarik politenak omen dira sunbildarrentzat, adin guztietako koadrilak karroza ikusgarriekin ateratzen dira eta lan handia egin behar izaten dute horretarako. «Hurrengo egunean desmontatu bitartean azken urtea izanen dela erraten duzu. Urtarrila ailegatu, eta zer egin pentsatzen hasten zara, ordea. Zailena horixe da, ideia pentsatzea», adierazi du Jaliskok. Musikaria denez eta herritarrak bozgorailu eta bertzelako tresna eske etorri zaizkionez, aurten 14-15 karroza aterako direla susmatzen du, baina ez daki ziur. M.I.

Ezkondu arte

Sunbillan mutilek soilik dute eskean aritzeko ohitura, eta ezkondu arte. Inon idatzia ez dagoen arren, ezkontzen direnean eskatzeari uzten diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo