Juan Jose Uria, Rikardo Mendiola, Agustin Ezponda, Mertxe Etxeberria Hernaniko alkate ohiak
Isilaraziko ez dituzten hitzak
Madrilgo Gobernuaren eta PSOEren errepresio egarria ez da asetzen. PP baino urrutirago iritsi nahi horretan zeharo itsutu eta ate guztiak ixten ari dira. Botereak itsutu ditu eta PP baino espainolago nahi izate horretan, ez dute erreparatzen eskura dauzkan bitarteko guztiak erabiltzeko orduan, ezker aberzalea behin eta berriz zigortzeko. Modu basati eta mingarrian saiatzen ari da gainera. Lehen GAL izan zen, bere ondorio lazgarriekin, eta geroztik errepresio bideetan PP baino gehiago ari dela erakutsi behar horretan, egunero jasan behar izaten ditugu PSOEren erasoak. Alderdien Legearen bidez, jokoz kanpo utzi nahi du ezker abertzalea eta bere buruak espetxean nahi ditu. Horretan ari da Estatuaren indar guztiak gure aurka jartzen, hain justu bakea eta justiziaren alde bideak asmatzen saiatu beharrean.
Ezker abertzaleaz haratago doan 18/98 epaiketak utzi dituen sententzia izugarri, neurriz kanpoko eta zigortzaileak ere ederki asko erakusten du demokrazia deitzen dioten honen maila, beti ere euskaldunen kalterako, noski.
Tortura salaketa hain nabarmenak izan direnean ere beste aldera begiratu du eta Euskal Herrian gehienentzat ebidentzia dena beraiek ukatu egiten dute.
Eta azkenekoa Marian Bitialarrangoitia Hernaniko alkatearen kasua izan da. Preso multzoari txaloak eskatzeagatik Madrilgo Auzitegi Nazionalera joan behar izan du deklaratzera. Honek ere ez dauka ez hanka ez buru, azken batean sentimenduak direlako, eta sentimenduak ezin daitezke epaitu. Eta epaitu ahal izanez gero, PSOEk berak eta haren buru nagusiek duela urte batzuk R. Vera, J. Barrionuevo, Galindo eta abarri egin zizkieten txaloetatik, eman zizkieten besarkadetatik, erakutsi zizkieten sentimenduetatik hasi beharko litzateke sentimenduak epaitzen. Bestela, non gelditzen da justizia, batzuek egiten dutenean ez, eta besteek egiten dutenean baietz baldin bada?
Amaitzera goaz. Tankera honetako salbuespen egoerekin ez da lortuko ezker abertzalea desegitea. Eta bide hori agortuta dagoenez, ez al litzateke hobe, jakinik bake iraunkor eta benetakoa elkarrizketatik soilik etor daitekeela, denon artean berriz ere bake bideak jorratzen hastea, luze baino lehen Euskal Herrian haien fruituak gozatzen hasteko?
Marianek lan handia dauka Hernaniko Udalean eta orain ere erakutsi duen sendotasuna, dedikazioa eta efikazia kontuan hartuta, ziur gaude legealdi hau bukatzerako gauza eder franko ikusiko dela gure herrian datozen hiru-lau urteetan.