Kirmen Uribe Idazlea
Aita besoetakoa
Urte asko itxaron zuen Etxabek ezkontzeko, baina oso argi zuen norekin lotu behar zuen. Izan ere, Etxabe emaztearen aita besoetakoa zen
Afrikako gerrara soldadu joan nahi ez, eta Argentiara egin zuen ihes Agustin Etxabe elgoibartarrak. Mutil gazte askok egiten zuen orduan aukera hori, nahiago zuten mundu arrotz batean bizitza berri bati ekin, zentzurik ez zuen gerra batean bizitza galdu baino. Gizon egoskorra izan behar zuen Etxabek. Gauza bat erabaki, eta erabaki hura azkeneraino eramaten dituen horietakoa. Eta erabaki zuen, erabaki zuenez, muzin egingo ziola basamortu batean liskarrean ibiltzeari eta Argentinako larreetan ariko zela artzain. Artzain hasi zen lanean Etxabe, baina eta gutxika- gutxika ondasunak biltzen hasi zen. Urteek aurrera egin ahala, diru baten jabe egin zen gizona. Esaten dute herriko lehen automobila Etxaberena izan zela eta baita telefonoa ere, jarri zutenean.
Hala eta guztiz ere, dirua biltzeak ez zion izaera aldatu. Horretan ere egoskorra izan bide zen Etxabe. Garai bateko gizona zen, eta garai bateko ideiak zituen. Behin, haren langile batekin larrerik larre zebilela, langileak zigor bat aurkitu zuen bide bazter batean. Pozarren jarri zen langilea, eta zeinen zigor ederra erdietsi zuen erakutsi zion Etxabe nagusiari. Etxaberi baina, ez zion grazia handiegirik egin. Eta galdetu zion langileari ea berea zen zigorra. Langileak ezetz. «Bada, orduan utzi aurkitu duzun tokian»», esan zion serio Etxabek, «etorriko da-eta jabea haren bila». Eta hantxe utzi zuten zigorra bazter hartan beraientzat hartu gabe. Zortean baino lanean sinisten zuen-eta.
Lanak baina, ez zion ahaztarazi bere sorterria. Etxekoen hutsune handia nozitu behar zuen, eta hasiera-hasieratik izan zuen gogoa etxera itzultzeko. Desertorearentzat baina, ez da xamurra bueltatzea. Itxaron zituen itxaron beharreko urteak eta, libratu zenean, ostera egin zuen Euskal Herrira etxekoak ikustera. Hiru aldiz etorri zen bizian Euskal Herrira Etxabe. Ez zen ohikoa hori garai hartan, bidaia neketsua baitzen, hilabete luze ematen zuten itsasoa zeharkatzen, eta gainera, garestia.
Gaztetasuna lanean bota zuen Etxabek, mundu berri hartan bere bizimodua bideratzen. Ez zuen astirik hartu maitemintzeko. Baina arestian esan bezala, gizon egoskorra zen gurea, eta erabakia behin hartuta betetzen zekiena. Baita denik eta erabakirik zailena ere. Maitasun kontuetan berdin. Euskal Herrira egin zuen hirugarren bidaian ezkondu egin zen Agustin, bera baino askoz gazteagoa zen emakume batekin. Huraxe izan zen bere azken bidaia Euskal Herrira. Ezkondu, Argentinara itzuli, eta senar-emazteak luzaroan bizi izan ziren elkarrekin bertan, seme-alabak ere ugari izan zituztelarik. Urte asko itxaron zuen Etxabek ezkontzeko, baina oso argi zuen norekin lotu behar zuen. Izan ere, Etxabe emaztearen aita besoetakoa zen. Besoetan hartu zuen emaztea haren bateoan Argentira lehen aldiz joan baino lehen. Esaten dute, bateatzen ari ziren haurra besotan hartu eta esan zuela «ni ume honekin ezkonduko naiz». Eta bete egin zuen bateoko harrian hartu zuen erabakia, horretarako urte andana igaro behar izan baziren ere.