Julen MURGOITIO
Berez dira, beraz...
Apurka-apurka berdintasun legea betetzen doa herri honetan, baina kuriosoa badirudi ere, hainbeste kritikatzen dugun beheko zuzenbide-Estatuaren inpultso zer horri esker doa hemen betetzen. Horra, kasurako, jelkideenean gertatzen dagoena. Hasiak dira horiek euren errepresaliatu politikoen argazkiak batzokietan ipintzen, ezkerreko abertzaleen gosariko kruasanean berrogeita hamar gramo amonal ikusten zuen haren argazkiarekin hasita. Eta litekeena da lehendakariarena ere laster batean parean ipintzea, gaur batzoki guztietan den argazkia bera apur bat jaitsita. Transbertsalitatea edo, esango zukeen EBBko buru ohiak. Bai, berdintasun legea geldika-geldika betetzen doa, nork bere argazkiak dituela. Baina ez bakarrik argazkietan berdindu, kale-okupazioan ere bai. Horra, kasuko, jelkideek kalea hartu berri dutela, kale nagusia, jakina, hori ere argitu beharra dago, bertoko instituzioen alde egiteko. Hau kolpea! Akaso ez dute horiek Estatutuaren letra, eta ez txikiena prezisamente, irakurria? Instituzio horiek zuzenbide-estatua den enborraren adarrak dira, berez dira adarrak eta, beraz, ezin adarrik adar ibili enborretik pasatu gabe. Enborra nolakoa, adarrak halakoak. Hortaz, benetan gura izango balute instituzioen alde egin, enbor hori zelan moztu eta enbor propioa zelan landu pentsatzen hasi beharko lukete behingoz. Baina, jakina, horretarako serioago hartu beharko lukete bertoko lehenengo sektorea, eta elikadura-subiranotasuna bera ere. Tira! Kalea hartu dute! Dena dela, ez dut uste bildutako askok ahotsa galduko zutenik, oihuka ibiltzeko ohitura alderdi egunerako gordetzen dute eta.
Kanpotik etorritako estralurtar batek atzo Bilbon lurra hartu izan balu, seguruenik modu okerrean ulertuko zukeen atzokoa, atzo nazioartean ospatzen zen Ekintza Globalaren Egunaren harira egindako manifestazioa zelakoan. Baina ez, ekintzaileok beste kale batzuk zituzten hartu, instituzioen aurka egiteko hain zuzen, nazioartean diren instituzioen kontra egin ere. Konkista garaian konkistatzaileak eta konkistatuak ziren moduan, globalizazio garaian ere globalizatzaileak eta globalizatuak direla salatzera atera ziren ekintzaileak, euren artean laster zuzenbide-estatuak enborraren legetik kanpo utziko dituen ekintzaileak. Enbor propioak sustraitzeko. Bitartean, hemengo adarrak beheko enborrari dagozkio. Berez, beraz...