Ipar Euskal Herriarentzat autonomia baten aldeko dinamika abian, gazteen arazoei erantzuteko xedez
GARA |
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat gaztek hiru euskal herrialdeontzako autonomia propio baten aldeko aldarrikapena duen dinamika abian jarri dute, izan ere, euskal gazteek egunerokotasunean izan ohi dituzten arazoei irtenbide erreala emateko modu bakarra dela uste baitute.
Honela aurkeztu zuten gazteek egitasmoa, Itsasun egindako agerraldian: «Hemen elkartu giren gazteak ez gira alderdi politiko edo gaztetxe baten izenean heldu; dinamika honen bidez, engaiamendu pertsonal bat sortzea izan da gure nahia. Engaiamendu pertsonala sortzea, edozein lekutakoak izaki, kezkatzen gaituzten gaien inguruan hainbat gazte elkartzea, elkarlanean arituz zerbait aldatzeko».
Lehenik eta behin, hiru herrialdeetan gazteek bizi duten egoeraren argazki orokorra irudikatzen duen azter- keta bat egin zuten; lau arazo edo ardatz nagusiren jiran: euskararen egungo egoera, lurraren egoera, zerbitzu publikoena eta, azkenik, ikasleena.
Euskari dagokionez, egungo «egoera larrian» jarraituz gero, desagertzeko arriskua egon daitekeelakoan daude; are gehiago, Parisek euskararen aurkako ekinaldiak egiten jarraitzen duen bitar- tean. Lurrari dagokionez, bertako gazteak, bertan bizitzea ezinezkoa dutela uste dute; ezin baitute ez etxebizitza bat erosi, ezta alokatu ere. Aipatu zuten, Parisek turistifikazioa bultzatzen duela, kanpotar dirudunek erosten dituztela bertako etxeak.
Ikasketak, atzerrian
Ipar Euskal Herria hiri handirik gabekoa da, aitzitik, herrixka ugaritan banatua. Errealitate horri erantzuteko zerbitzu publikoak gero eta urriagoak direla ondorioztatu dute gazteok.
Ikasleek, euskaraz ikastea ezinezkoa dute, eta atzerrira joatera behartuta daude. Gertuenik, Paue, Bordele edota Tolosara. Hala, egoera hauek guztiak gainditzeko Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa batuko dituen autonomia eta instituzioa propioak ezinbestekotzat jo dituzte, eta horren jiran jardungo duen dinamika abiaraziko dute laster.