GARA > Idatzia > Pilota

Mendizabalek ongi eutsi eta Aimarrek bikain hautsi, Urdulizen irabazteko

AIMAR-MENDIZ. 22

CAPELLAN-PASCUAL 14

I.C | URDULIZ

Urdinek ez zizkieten gauzak erraz jarri gorriei partidako lehen zatian. Izan ere, jokoa oso berdinduta egon zen lehen tantoetan, baina Goizuetako aurrelaria ohituta dago tankera honetako partidetan erabakigarria izaten, eta ez zuen huts egin. Erantzukizuna hartu zuen eta 14 tanto egin zituen, berari eta Mendizabali garaipena emateko.

Aipagarria benetan, atzelari gipuzkoarrak egindako lana. Hasieratik oso zuzen jokatu zuen eta bigarren zatian bikain eutsi zion aurkarien erasoari. Izan ere, urdinek ikusi zuten aurreko koadroetan ez zutela zereginik. Normala da, Iñigo Pascualek Miguel Capellan izan baitzuen bikote Xalaren ondoeza zela-eta. Bai atzelari nafarrak, baita aurrelari errioxarrak ere, gogor estutu zuten Oier Mendizabal, baina Zearraren ordezkoak ongi eutsi zion erauntsiari eta aukera eman zion Aimar Olaizolari, esan bezala, azken txanpan partida erabakita uzteko.

Pilotek ere izan zuten eragina. Urdinek ateratzen zuten materialarekin Pascualek asko atzeratzen zuen pilota eta Olaizolak ez zuen aukera handirik izaten airez sartzeko. Gorrien pilotarekin, ordea, goizuetarra jokoan jaun eta jabe egiten zen, eta horrela lortu zituen bere tantorik gehienak. Alde horretatik, aipagarria benetan gorriek amaieran egindako zazpi tantoko takada.

Urdulizen jokatutako partidan bi bikoteek ligaxkako bigarren puntua lortu beharra zuten aurrera egin eta lasai egoteko. Horrela, Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek osatutako bikotea izan zen garailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo