Parke eolikoak geldiaraztea galdegin dute Arabako Diputazioaren aurrean
Mendiak Lau Haizetara plataformak, Arabako Biltzar Nagusiek parke eolikoak gelditzea eskatu zuen mozioari ezetza eman izana salatu zuen atzo, Diputazioaren aurrean. Plataformak egitasmo horiek gauza ez daitezen hainbat mobilizazio egingo dituela iragarri du.
Txotxe ANDUEZA |
Parke eolikoak ezarri nahi dituzten Arabako hiru zonaldeetako 80 lagun inguru Gasteizen elkartu ziren atzo, joan den astelehenean Biltzar Nagusietan egitasmo horiek gelditzea proposatzen zuen mozioa onartu ez izana salatu, eta oraindik ere industrializatu gabe dauden mendi apurrak babesteko neurriak eskatzeko.
Diputazioaren aurrean da- goen Probintzia plazan eserita, haize errota bat marraztu zuten beren gorputzekin. Eskaileren aurrean, pankarta bati eutsi zioten protestak iraun zuen ordu erdian: «Arabako mendien defentsan. Cumplid vuestros com- promisos» zioen. Lurrean eserita zeudenek, berriz, kartel txikiak erakutsi zituzten, ekimenaren aldarrikapen guztien la- burpena egiten zutenak: «PNV-Aralar-PSOE: la votación fraude a la población»; «Iturrieta, Kolometa, Cruz de Alda, Arkamu STOP»...
Plan zaharkitua
Rebeka Gonzalez de Alaizak azaldu zituen, hedabideen aurrean, Mendiak Lau Haizetara plataformaren helburuak: «Iturrieta, Arkamu eta Cruz de Aldan ezarri nahi dituzten parke eolikoen egitasmoak gelditzea eskatzen dugu. Ikusten dugu gaur egun indarrean dagoen energia eolikoaren plan sektoriala erabat zaharkituta dagoela, eta aldatu beharra dagoela».
Gainera, eztabaida Arabako gizartean zabaldu behar dela azaldu zuen Gonzalez de Alaizak, eta alderdi politikoek interes ekonomikoekin bat ez egitea exijitu zien.
Bestalde, Alberto Friasek pasa den astelehenean Biltzar Nagusietan eginiko eztabaidan EAJ, PSE eta Aralar taldeek onartutakoa gogor salatu zuen. Izan ere, haren aburuz, 2005ean Biltzar Nagusietan onartu zen mozioa baino okerragoa da, «ez du, duela bi urte eta erdi egin zen bezala, plan sektoriala aldatu bi- tartean parkeak gelditzea eskatzen» adierazi zuen.
Friasek gogora ekarri zuen talde guztiek, bai teknikariek, bai bizilagunek,guztiek onartzen dutela plan sektoriala zaharkituta dagoela, baina proiektuak gelditzen ez badira, iritsiko dela eguna non, parkeak ezarri ondoren, plan sektorial berriak esango duen ezin zirela toki horietan kokatu.
Mendiak Lau Haizetara plataformak hori inoiz gerta ez dadin ahaleginak egingo dituela iragarri du, «enpresa baten borondateak ezin du bizilagunenak baino gehiago balio».
Mendiak Lau Haizetara Plataformak proiektu horiek gauza daitezela oztopatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu, besteak beste, mendi martxak, zuhaitz landaketak eta hainbat aurkezpen Araba osoan.