GARA > Idatzia > Tau

Ez dago hanka sartzeko baimenik arabarrentzat

GARA | GASTEIZ

Bigarren itzulia oker hasi da Tau Baskoniaretzat. Joan den igandean Ricoh Manresaren aurka ezustean galdu zuen, eta asteazkenean Moskuko CSKAren aurka Pete Mickeal beste bi asterako galdu du. Hala, arabarrei behingoan gauzak ongi egiten hastea dagokie.

Ligaren buruan den Real Madrilengandik hiru garaipenera dago talde baskonista, eta bi aste barru, Kopa jokatuko da Gasteizen bertan. Liga aurrera doa, eta probak egiteko sasoiak atzean geratu dira. Ondorioz, Alta Gestion Fuenlabradaren aurka, Neven Spahijak zuzendutako taldeak, ez dauka galtzeko baimenik, bolada txarra erabateko krisi bihur ez dadin. Neurketa 12.30ean hasiko da.

Alta Gestion Fuenlabrada bera ere ez dago kriskitinka jarduteko moduan. Liga sailkapenean nahiko atzean daude, hamalaugarren postuan hain zuzen, eta, sei garaipenekin, azken-aurreko den MMT Estudiantesek baino partida bakarra gehiago irabazi dute Luis Casimiroren mutilek. Horretaz gain, taldeko erreferente behar lukeen Marko Tomas min hartuta dago, eta aste honetan bertan kroaziarra taldetik kanpo laga dute fuenlabradakoek. Tomas, anaietan zaharrena, sendatzen den artean, Nikola Vasic fitxatu dute madrildarrek. Vasicek ACB Liga ezagutzen du, iaz Alacanten jokatu baitzuen.

Luzeago iraun beharra

Ohikoa duen moduan, Neven Spahijak gaur eguerdiko partidaren aurrean itxaropentsu agertzen zen asteroko prentsaurrekoan. Kroaziarraren iritziz, «taldea prest dago azken bi porrotak gainditu eta aurrera egiteko, baina esatea bakarrik ez da nahikoa. Kantxan erakutsi egin behar da».

«Benetan egin behar duguna, luzeago irautea da. Izan ere, neurketa bakoitzean gorabehera larregi izaten ditugu; une batzuetan bikain jokatzen dugu, eta hurrengo, berriz, oso txarto. Hargatik, joko maila altuari eutsita ahalik eta luzeen irautea lortu behar dugula deritzot», aipatu zuen gasteiztarren entrenatzaileak.

Antolatzaileei buruz, eta hauen azken partida eskasen inguruan ere galdetu zioten kazetariek Spahijari. Sibenikekoak erabateko konfiantza erakutsi zuen ordea Planinic eta Prigionirengan.

«Moskun neurketa txarra jokatu zuten, bai, baina lanean gogor ari dira biak eta, kalitate eta talentu handia duten jokalariak izaki, itzuliko dira beren ohiko mailara».

«Nire iritziz, benetan balio duena jokalariaren jarrera da. Alderdi horretan, bederen, antolatzaile biekin oso pozik nago», adierazi zuen baskonisten entrenatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo