GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek estualdirik gabe menderatu du Perpinya

Zuri-gorriak nagusi izan ziren hasieratik amaierara bitarte, baina lau punturekin bakarrik konformatu behar izan zuten, izan ere, entseguak egiteko arazoekin jarraitzen baitu talde lapurtarrak

BIARRITZ 21

PERPINYA 8

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek garrantzi handiko garaipena lortu zuen atzo Perpinyaren aurka. Horri esker, sailkapeneko hirugarren postuan jarraituko du. Europatik kanpo geratu ostean, atzo zuen Ligako lehen partida. Norgehiagoka handirik ez zuen egin, baina bai kataluniarrak menderatzeko adinakoa, gehiago izan baitzen Biarritz, eta ongi merezita irabazi zuen.

Euskaldunak nagusi zirela hasi zen partida, baina kanpotarrak lehen aukeraz baliatu ziren, 0-3 aitzineratzeko. Berehala, ordea, Bosch argentinarrak partida berdindu egin zuen, eta jarraian Carizzak lehen entsegua egin zuen euskaldunentzat, eta 8-3 aitzineratu ziren. Atsedenera joan aurretik, Boschek bere bigarren zigor kolpea gauzatu zuen, eta 11-3koarekin atseden hartzera joango zirela zirudienean, Traillek, azken jokaldian, beste zigor bat gauzatu zuen, eta 14-3koarekin joan ziren aldageletara, atseden hartzera

Berdin

Bigarren zatian gauzak ez ziren gehiegi aldatu, eta etxekoak nagusi izaten jarraitu zuten, baina, hasteko, estualdi bat pasa behar izan zuten, izan ere, kanpotarrek entsegua egin baitzuten. Biarritzi horrek, ordea, ez zion kalterik egin, eta aurrera jo zuen, garaipena ziurtatu nahi zuten, eta transformatutako entsegua egin zuten.

Alde dezentea zegoen markagailuan, baina partida ez zegoen erabakita, baina kataluiniarrek, ahalgindu ziren arren, ez zuten etxekoen atzealdea gainditzerik lortu, eta amaieran garaipen nahiko erosoa lortu zuen etxeko taldeak. Orain bide beretik jarraitu behar dute, lehiaketa bakarra geratzen zaie, eta hor ezin dute hutsik egin, bestela zaleek ez diete barkatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo