GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Nazabalek eta Mugertza II.ak aurreikuspenak bete dituzte

Etxarrikoa eta Mutrikukoa jaun eta jabe izan ziren, eta lehiaketan egin beharreko proba guztietan menderatu zituzten Rekondo eta Mugertza I.a

Jon LEUNDA | LEITZA

Floren Nazabalek eta Ugaitz Mugertzak lortu zuten atzo Leitzan Urrezko Aiozkorako finalerdietan izateko txartela. Jende asko batu zen Amazabal pilotalekura saioa ikustera.

Atzoko neurketak erakargarritasun berezi bat zeukan, izan ere Mugertza aita eta semea elkarren aurka arituko baitziren, eta hori orain arte, lehiaketan, ez da halakorik ikusterik izan. Atzokoan, ikasleak irakaslea mendean hartu zuen, ordea. Atzo, Mugertza I.a, Mindegiaren ordez aritu zen, Ezkurrako aizkolari beteranoari ebakuntza egin berri baitiote, eta oraindik ez dago jokatzeko moduan.

Orain arteko lan bera zuten atzo, baina final-laurdenetako lehen kanporaketan bezala, ez zen egin. Joan den igandean Oionen era berri bat probatu zuten, eta final-laurdenak horrela jokatuko zirela iragarri baldin bazen ere, ez zen kirolarien gustuko izan, eta atzo berriro ere lehengo moldera itzuli ziren.

Mugertza II.a eta Nazabal ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, kanporaketako proba guztiak irabazi egin baitzituzten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu zituzten indarrak; Etxarrikoak eta Mutrikikoak 34an erdibitu zuten, eta baten aldea kendu zien aurkariei.

Bigarren lanean, bi 45 ontzako zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta hori ere irabazi egin zuten. 1.16ko denbora lortu zuten, eta hamalau segundoko tartea egin zuten. Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zutik txanda librean erdibitu behar zuten, eta hori ere irabazi egin zuten Nazabalek eta Mugertza II.ak. 2.19 izan zen beren denbora, eta 2.36 Rekondorena eta Mugertza I.arena.

Laugarren lanean ere aldea gehitu egin zuten garaipena lortuko zuen bikoak, 1.51n amaitu baitzuten lana, eta bederatzi sergundo kendu zizkioten aurkariei. Bosgarrenean, berriz, aldea gehitu egin zuten, 4.09 izan baitzen irabazleen denbora, eta 4.43 galtzaileena.

Azkeneko lanean, txanda librekoan, 10 minutu eta 8 segundotan erdibitu zituzten enborrak Nazabalek eta Mugertza II.ak eta eta 11 minutu eta 15 segundotan amaitu zituzten lanak Mugertza I.ak eta Rekondok. Amaieran, lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 17 segundo behar izan zituzten Mutrikukoak eta Etxarrikoak, eta 22 minutu eta 19 segundo aldiz, Leitzakoak eta Mutrikukoak. Honen ostean, Mugertza II.a eta Nazabal finalerdietan izango dira, eta txartel hori lortu duten bigarrenak dira, joan den astean Vicentek eta Lopezek ere gauza bera egin baitzuten.

Gazteak

Gazteetan, ezustea izan zen, izan ere Saralegik eta Olanok irabazi egin baitzuten, eta orain finalerdietan izateko aukerekin jarraitzen dute. Atzo Erasun eta Mindegia zituzten aurrez aurre, eta azken hauek ziren irabazteko faborito.

Saralegi eta Olano etxean aritu ziren, eta, herritarren babesean, lan bikaina egin zuten. Lehen jardunaldia galduta zuten, nahiz eta orduan ere Larretxeatarren aurka ezustea gertu izan zuten, eta aurrera egin ahal izateko, atzo irabazi egin beharra zeukaten, eta horixe egin zuten. Leitzarrek, 16 minutu eta 46 segundotan amaitu zituzten lan guztiak, eta Erasunek eta Mindegiak, aldiz, 17 minutu eta 39 segundotan. Multzo honetan, edozer gerta daiteke.

Finala

Egur Sportek atzo eman zuen ezagutzera finala noiz izango den. Azkenean, martxoaren 1ean jokatuko da, urterko moduan, Azpeitian. Aurten, Izarraitz pilotalekuan jokatuko da azkeneko ekinaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo