Eguraldi hotz eta euritsuz, boza eman dute demokratek Hego Karolinan
GARA |
Eguraldi hotza eta kaskarra izan zuten atzo Hego Karolinako hautesleek. Etxe Zurirako lehian Alderdi Demokrataren hautagai Hillary Clinton eta Barack Obamak estatu honetan irabaztea ezinbesteko dute. Inkesten arabera Obama zen faboritoa, baina kanpainaren hasieratik ikusi denez, ez dute beti asmatzen. Biek hika-mika sutsua izan dute egunotan. Elkarri esan dizkioten hitz gogorren ondorioz, hautesleen artean polarizazio handia sortu da. Kaleko giroa horren isla izan da. Clinton nahiz Obamaren jarraitzaileak elkarretaratze ugari egin zituzten eta, horietako batzuetan, aurrez aurre egin zuten topo. Hego Karolinako biztanle gehienak arraza zurikoak diren arren (%70), Alderdi Demokrataren hautesleen erdia baino gehiago beltza da. Oraindik orain, zurien eta beltzen arteko desberdintasunak nabariak dira. Unibertsitate publikoan, esaterako, oso zuri gutxi daude, eta esklabutzaren oroitzapenak bizirik jarraitzen du. Obama «aldaketaren sinonimoa» da, eta «aire freskoa» ekar dezakeen hautagaia.
Bestalde, errepublikarrak Floridan asteartean duten hitzordurako prestatzen ari dira.