GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Bertso eguna

«Bertsoa izan arren, bertsio», beren ideien eta ahotsen jabe dira beti bertsolariak

Autentikotasuna, imitazioa, ideia originala, kopiatua, autoretza, ideien jabegoa, plagioa.... Horiexek atzo Kursaalen oholtzaratutako zenbait kontzeptu, egun puri-purian daudenak, eta bertsogintzaren kasuan ere, erabat presente daudenak. Gogoeta sakona izan liteke, baina umorez zipriztinduta ere plazara daitekeena.

p060_f01_234x128.jpg

Izaro AULESTIARTE

Bi ordu pasatxo iraun zuen atzo arratsean Bertso Egunaren haritik Donostiako Kursaalak hartu zuen ekitaldi ofizialak. Urtero legez, hitzordua bertsozaleen «festa handia» bihurtuko zela antzeman zitekeen 18.00ak baino ia ordubete lehenago, jende ilara ederrak sortu baitziren eraikinaren inguruetan. Baina guztiek izan zuten kabida, auditoriuma lepo bete artekoa.

Ohiturak eta nobedadeak

Ongi-etorriaren ostean Logelakoen musika erritmo azkarrak jantzi zuen Kursaala. Ondoren, bertsoari ekin zioten zuzen-zuzenean. «1» eta «4» zenbakiak deitu zituzten, -Anjel Mari eta Jon- eta «A» zuten gaia jartzen. Lehenengoa, Bertso Egunaren azken urteetako martxa ikusita asper-aspertuta jarri zuten «hainbeste gauza berri egin behar horrekin», eta hurrengo urterako omenaldiren bat egingo ei luke gustura, lehengo ohiturei eutsita. Bestea, aldiz, gauza berriak probatzearen aldekoa. Horren haritik, batak «Orain izena zenbaki eginda, hori ez al da gehiegi?/ bihur gaitezen lehengo bidera, holan ezin leike segi», bota bazuen, «Bat, bi, hiru, lau numero gara, baina hori ez da kondena/ etorkizuna dugu bidea, lasaibide eta problema/bertsolaritza berri dezagun oraindikan aurrera/sekula ere ez baita hilko berritu egiten dena».

xake partida

Barre algarek gero ere jarraitu zuten, Logelako kideekin ere. Musikariak atzean bideo bat zutela aritu ziren jotzen eta abesten, eta bideo hark agertzen zuenak sortu zituen, hain zuzen, barreak; bertan aspaldiko irudietan agertzen ziren hainbat eta hainbat bertsolari, eta muntaia bat baliatuz, atzo entzuten zen musikaren erritmoarekin bat zetozen, edo hala ziruditen, keinu eta mugimenduetan agertzen ziren behin eta berriz irudietakoak.

Gidoilariek planteatutako besterik ere izan zen, futbol partida bat izango bailitzan aurkeztu zutena, esaterako. Alegia, gai-jartzaileak «Gizon okupatua gauza ederra da» botatzen zuen bertsolaria lanean has zedin, eta hori amaitzean «gizon ederra gauza okupatua da» botako zuen. Telebistan ohikoa denez, lehenik zuzenean bota nahi zuten irudia, eta gero beste angelu batetik lortutakoa eskaintzean zegoen gakoa.

Artaldeko ardi biren izenean aritu behar izan zuten beste batzuek, eta ekitaldiaren ikuspuntua zela-eta, berehalaxe atera zen «Dolly-ren» kasua, adibidez. Egiazko fotokopiagailu bat ere paratu zuten gero oholtzan, sumario berri baten paperak jaurtikiz; honek, Sustrai Colinari egun Euskal Herriko egoera politikoaz hausnarketa egitea ahalbidetu zion.

Ikusten ez zituen hainbat lagunen sorpresa jaso zuen gero Fredi Paiak, eta haiek nortzuk ziren asmatu ostean, erantzuteko betarik izan zuen: neskalagun ohia, gau zoro baten ondoriozko seme ezezaguna, ama...

Saioa amaitzear zela, nola ez, irten zen behingoan egile eskubideen afera. Puntuka aritu, eta «Amurizaren hiztegi errimatuan ageri den errima bakoitzeko» euro bat ordaindu behar izan zuten bertsolariek.

Lan zaila, egiaz, «potoldu dogu Amurizaren jubilazioa» kantatuta amaitu baitzuten partaideek, oholtza gainera txanpon ugari jaurti ostean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo