GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Gazte borrrokak Euskal Herrian

Gazteria hitza hartuz, sistema eraldatuz

Hamaika gazte borroka dago gurean. Kolore eta forma anitzekoak, irudimena dute lagun eta sistema iraultzea xede. Argi dute eskubide zapalketa ororen gaitza sistema kapitalista dela; baina sendagaia ere atzeman dute: hitza eta erabakia eskuratzea. Formula aurkituta, ibiliaren ibiliaz iritsiko dira helmugara eta horretarako erabateko prestasuna dute.

p008_f03.jpg

Oihana LLORENTE

Mundu heldu honek mesfidati egiten dio so gazteriari. Dena eginda ematea nahi duten alferrontzi gisa hartzen dituzte egungo gazteak, eta sekula baino hobe bizi direla entzun ohi da helduen ahotik. Gazteriak berak honen inguruan duen pertzepzioa aztertu asmoz, GARAk berauei eman die ahotsa, euskal gazteriari eta, zehazki, IAko eleduna den Gorka Zozaiari, etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduko kide den Karlos Renedori eta AHT Gelditu! Elkarlaneko partaide Gaizka Oiarzabali. Ez datoz bat ohikoak diren baieztapen horiekin, eta gazteria borrokarako «subjektu eta protagonista» dela nabarmendu dute eta, horren frogatzat, gainera, herri honetan bizi dugun gazte borroken ugaltzea ekarri dute gogora.

Hiru lagun hauek etxebizitza eskubidearen aldeko borroka, AHTren aurkakoa eta ikasle eskubideen aldeko dinamikaren ordezkari ditugu, eta haiekin luze eta zabal aritu gara beraien borrokak ezagutzeko eta aurrera begirakoak iragartzeko. «Harresiak sortu eta hitza eta eskubidea geureganatu». Horrelaxe definitu dute euren lana, «sistema kapitalistak dakarren eskubideen zapalketa» ekiditeko, bakoitza bere esparruan horma eraikitzen ari dela aitortu digute. Alta, eskubide urraketaz babesteaz harago «sistema kapitalistari pitzadurak eragiten» jarduten dutela diote, eta eredua bera eraldatzeko, herritarrei eman nahi diete giltza: hitza eta erabakia, hain zuzen ere.

Hiru borroka horietaz harago, gure herrialdean gazteriak abian dituen borrokak kolore orotarikoak direla oroitarazi dute. Kolore anitzekoak bai, baina guztiek antzekotasunak dituztela eman dute aditzera hiru gazte hauek.

Goazen, bada, antzekotasun horiek topatzera eta hiru borroka horien erraiak arakatzera. «Jendarteak bizi duen zapalkuntza» dute egoeraren oinarri nagusitzat, gizarteak pairatzen duen eskubide urraketa, hain zuzen ere. Hala ere, gazteen kasuan zapalketa hori «biderkatu» egiten dela uste dute.

Azaldutako egoera oraintsukoa ez den arren, berritasunik ere baduela aitortu du Zozaiak. Haren ustez, egun, «gazteria zapalduaz gain, alienatua nahi dute». Zapalkuntza iraunarazteaz harago, egoera horretatik atera ezin izateko panorama da planteatu nahi dutena Zozaiaren aburuz, eta bere alorrean sakonduz, hezkuntzan, alienazio horren adierazle diren hainbat elementu mahaigaineratu zituen. Batetik, duela hamar urte, Hego Euskal Herrian martxan jarri zen LOGSE delakoa ekarri du gogora, eta neurri horrek ikasleriaren «infantilizazio basatia» lortu zuela adierazi du. Bestetik, gaurkotasuna duen Bologna bera, hezkuntza enpresetara hertsiki lotzeko prozesutzat jo du.

Ikasle eskubideen zapalketaz harago, «sistema kapistalista patriarkalak, hezkuntza bere helburuak lortzeko tresna» gisa ikusten duela nabarmendu du Zozaiak. Zentzu horretan, hezkuntza «etorkizuneko jendartea eta langileria moldatzeko» erabiltzen dela dio. Bolognaren bidez, gainera, hezkuntza elite baten esku utzi nahi dela uste du Zozaiak. Haren ustez, sistema kapitalistak unibertsitateen bidez merkatua elikatu behar du; eta egun lanesku prekarioa beharrezkoa denez, jakintza eta kualifikazio maila altu bateko ikasleria kopuruz urri batekin nahikoa du sistemak; «horregatik pribatizatu eta elitizatu nahi dituzte unibertsitate ikasketak» ondorioztatu du.

Renedo ados agertu da Zozaiarekin, eta etxebizitza eskubidearen urraketa bera «sistema kapitalistaren ondorioa» dela nabarmendu du. Kontsumismoaren kultura inposatzeaz gain, «oinarrizko eskubideak mer- kantzia bilakatu» dituela salatu du Renedok eta gainera, sistema beraren «biziraupena ziurtatzeko» egiten dela eman du aditzera. Hori islatzen duten datuak ere mahai gai-nean jarri ditu, eta merkatuaren salneurriek gazteriari etxebizitza duin baterako sarrera ukatzen dioten bitartean, Euskal Herriko etxebizitzen %19k hutsik jarraitzen duela esan du, 245.422 etxek, hain zuzen ere.

Negozio bilakatze horrek gainera, «gazteria prekarietara kondenatzen» duela ondorioztatu du Renedok. Bizitzeko oinarrizko beharra den etxebizitza ordaintzeko, soldataren zatirik handiena bideratzera behartuak dira gazteak eta horregatik, baldintza kaxkarrenetan ere eskaintzen diren lanak onartzera behartuak direla salatu du. Hor daude Renedoren aburuz, «lan ordu amaigabeak, segurtasun neurri ikusezinak, aldizkako kontratu ezegonkorrak eta soldata miserableak».

Oiarzabalek «paketetzat» du sistema kapitalista eta horrek dakarren eredu neoliberala bera. Bai Bologna prozesua, bai etxebizitza eskubidearen urraketa, eta AHT bera ere bai horren barruan daudela dio. Azken hori, egoeraren «adibide gordinena» dela uste du. «Honek guztiak herri honetan dagoen demokrazia eza agerian uzten» duela esan eta horren lekuko, herritarren eskubide zapalketa gogorarazi du, eta AHTren eraikuntzan sakonduz, «herritarren hitza eta erabakiaren ukazioaren aurrean era honetako makroproiektuaren inposaketa egiten» salatu. Gainera, gazteriak zapalkuntza hori «modu garbiago» batean pairatzen duela dio.

Guztiaren atzean: kapitalismoa

Zozaiaren esanetan, «ezkontzen zaila egiten den ariketa» egin beharra dago gazteriak bizi duen egoeraren atzean nor ote dagoen azaltzeko. Haren ustez, batetik, «sistema kapitalista eta patriarkala» bera dago guztiaren atzean; baina sistema bera bakarrik kudeatzen ez denez, Estatu desberdinek har- tutako politika neoliberala ere jomugan jarri ditu, baita, haren kudeaketaz arduratzen diren alderdiak ere.

Gazteon ustez, sistema bera, bai estatuak eta administrazioen kudeaketaz arduratzen diren alderdiak ere bai, gazteriak bizi duen «inposaketa egoeraren erantzule» dira. Zozaiak azaldu duenez, gatazka horietan «erabakitzeko eskubidea da zapaldua» eta haren esanetan, «egoeraren promotoreak urrun badaude ere, inposaketa horren bermatzaileak hemen bertan» daude. Oiarzabal erantzuleak zuzenean izendatu egin ditu eta, haren ustez, EAJ, UPN, UMP eta PSOE dira nagusiak. Alta, Aralarren inguruan ere kritikak jaurti ditu, NaBai-en barruan kokatu izateagatik, trukean, AHT gisako proiektuak onartzera eraman duela-eta; baita EB ere, hirukoan kokatzeagatik, izan ere, gogora ekarri baitu AHTa xede duten bi aurrekontu sail onartu dituela alderdi horrek.

Renedo ados agertu da sistema kapitalista egoeraren erantzule nagusitzat aurkeztearekin. Ahatik, etxebitzaren alorrean murgilduz, bestelako erantzule mordo bat ere badagoela deritzo. Etxe agentziak, sustatzai- leak, eraikuntza enpresak, banketxeak... horiek guztiak, «eskubidearekin negozio egiten dutenak» direla uste du. Bestetik ordea, eskubideen bermea ziurtatu beharko luketen administrazioei eta bertan dauden alderdiei ere leporatu die ardura. Horiei «negozioa ahalbidetzea» egotzi die.

Egungo eredua, «sistema kapitalistak bultzatzen duen eredu neoliberala», ez dela egokia adierazi dute aho batez hirurek. Eredua eraldatzeko gainera, eztabaida zabala, irekia eta partaidetza bidezkoa gauzatzea da gazte hauen ustez erremedioa. Horrela, bai Bologna prozesua, bai etxebizitza eskubidearen urraketa, bai AHTren eraikuntza geldiaraziko litzatekeela nabarmendu dute. Eztabaida horren gakoa, herri honek eta jendarte honek nahi eta behar duen ereduaz mintzatzea eta adostea litzatekeela ere iragarri dute.

Gazteriak alternatibarik ez duela esaten omen dute agintariek Zozaiaren ustez, baina «beste zer ariketa demokratikoagorik, eztabaida bat bultzatzea baino?» itaundu du. Hori da guk aldarrikatzen duguna eta gainera, hori bermatzen den unean gatazka oro amaituko dela azpimarratu du. «Hitza eta erabakia herritarren esku dagoenean ezin da inolako gatazkarik eman» gehitu du.

Udazken beroa izan dute hiru borroka hauek. Bolognaren aurkako hamaika ekimen egin dira Euskal Herriko fakultateetan eta joan den abenduan milaka lagun bildu zen Leioan egindako manifestazio nazionalean. Etxebitza eskubidearen aldeko dinamikak ere ez du etenik izan eta egindako protestak eta okupazioak ugari izan dira; AHTren eraikuntzaren aurka ere gazteen ekarpena zabala izan da. Baina zergatik bizi dugu hiru borroka horien udaberria?

Borroken mapa

IAko eledunak atzera begira jarri, eta duela bizpairu urte abiatutako Bolognaren aurkako borroka gogorarazi du. Hasieran Italiako Bologna herrian sinatutako akordio hori zer ote zen aztertzen aritu zirela azaldu du. «Gero eta hurbilago ikusten genuen eta inork ez zigun gure bizitza eraldatuko zuen prozesu horren inguruko informaziorik helarazten» salatu du. Hortaz, ezjakintasunetik ikasleriak berak informazio hori bildu, eta hamaika bitartekoen bidez kaleratzen aritu zela gogoratu du. Alta, informazioa edukitzearekin batera, prozesu honen atzean «politika neoliberala bera» dagoela eta Italian zehaztutako prozesuak, hemen, Euskal Herrian dauden unibertsitateetan ere horren «erantzuleak» bazeudela ohartu zirela adierazi du. Beraz, euren borrokan bi aldi daudela dio; batetik informazioa jaso eta zabaltzen egindako lana; eta bestetik, unibertsitateetan bertan dauden «Bolognako sostengatzaile eta aplikatzaileen» aurrean ikasleriaren hitza errespetatu beharra galdegiteko.

Etxebizitzaren borroka berria ez bada ere, azken urteotan uholde bat bizi du, Renedoren ustez. Hainbat herritan etxebizitza eskubidearen aldeko plataformak sortzeaz gain, gazte asanblada ugarik ere borroka izar gisa hartu dute arazoa. Gainera, aurtengo ikasturtean borroka horiek bildu, eta sarea osatzen ahalegindu direla esan du. Hor kokatu dituzte urtarrilean bertan herrialdeka egindako baterajotzeak. «Bakoitza bere errealitate propiotik abiatu baina denak batera, era zabal eta amankomunean, jardutea izan da erronka» gehitu du. Eginbeharra bi zentzutan banatzen dutela ere adierazi du; batetik etxebizitza bat izatea eskubidea dela aldarrikatzea eta bestetik, erantzuleak markatzea.

Renedok azaldu bezala, bi lan ildo hartu dira herri gehienetan. Bata, udalei begira egindako lana, negoziazio mahaiak aldarrikatuz eta hirigintza politikari buruzko proposamenak eginez eta bestetik, okupazioa borroka tresna gisa erabiliz.

AHT geldiarazteko ere lan andana egin dela oroitu du Oiarzabalek, gazteriak AHT Gelditu! Elkarlana indartzen aritzeaz gain, gazte ekarpenak ere egin direla nabarmendu du.

Aurrera begira sistema kapitalistari pitzadurak eragiten jarraituko dutela berretsi dute, eta gazteriari eta herritarrei, orohar, «hitza eta erabakia» eman bitartean, lanean jarraitzeko gogoa eta borondate osoa dutela ere adierazi dute hiru gazte hauek.

BOLOGNA PROZESUA

Ikasle Abertzaleak mugimenduak argi du prozesu horrek hezkuntzaren «elitizazioa eta pribatizazioa» ekarriko duela. Horren inguruan eztabaidarik eta informaziorik eman ez izana salatu eta ikasleriaren hitza errespetatzeko galdegin du.

ETXEBIZITZA

Etxebizitzaren prezio altuek, gazteria «prekarietatera kondenatzen» dutela uste du etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak. Horiek ordaindu ahal izateko gazteak baldintza kaxkarrenak dituzten lanak hartu beharrean daudela dio.

AHT

Makroproiektu hau, «sistema kapitalistaren eta inposatzen zaigun eredu neoliberalaren adibide gordinena» dela salatu dute. Gainera, zer nolako garraio sistema nahi dugun erabakitzeko eskubidea gauzatu behar dela adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo