Josebe EGIA
Ezagutu eta jakin
Atzo amaitu zen aurtengo Bilboko gay-lesbo-trans nazioarteko zinemaldia. Ez da Donostiakoa bezain tradizionala edo famatua. Ez jatorriak, ez helburuak ez dute zerikusirik Euskal Herriko nazioartekoenekin.
Zinegoak lau urte bete ditu, baina gorantz eta osasuntsu haziz doan gaztea da: 2004an 25 film aurkeztu ziren, 95 aurten, 3.000 ikusle duela lau urte, 9.000 bat aurten. Eta gai bera. Gaiaren inguruan badagoelako zeresana, eta jakin nahia; bizitzeko, sentitzeko eta maitatzeko modu jakin baten inguruko adierazpena eta harrotasuna plazaratzeko beharra, eta indarra.
Izan ere, ikusezintasuna ezaugarritzat izan duten pertsona askoren isla dakarkigu zinemaldi honek: hasi familiatik eta janzkeraraino, lagunak, hizkera, sexua, bakartasuna... eta hitzez aterako ez liratekeen beste mila sentimendu.
Horretarako medio bezala, jendearengana heltzeko eta gogoetara bultzatzeko bitarteko bezala ere, duen indar eta erakargarritasunagatik, irudiek duten botere eta xarmagatik, zinea tresna ezin hobea da, ezagut eta jakin dezagun. Donostiakoak edozein zinemazale hurbil dezakeen moduan, ohikoa kontsideratzen denetik urruntzen eta errealitate ezberdina badagoela oihukatzen digun hau ere, guztioi zuzendua da, pertsona hauek ez baitira aparteko estratosferaren batean bizi, gurekin eta gure ondoan baizik.
Ikusezinak, leku eta denbora bat behar du ez-izatetik, izatera eta egotera igarotzeko. Ez da egun batetik besterako aldaketa, ez du liburu edo film batek bat-batean konponduko, baina bai gaia naturaltasun eta askatasunez garatu ahal izateak eta, ondorioz, nahi adina artikulu, liburu, film edo zinemaldi egiteak; jendea biltzeko, elkar ezagutzeko, bakoitzaren esperientzia elkar banatzeko, baina, batik bat, inork bakarra zarela, edo bakarrik zaudela ezin sinetsarazteko.
Horren haritik, ikusezintasunaren erreinu iluneko erreginak direlako, jendartean are eta kontsiderazio gutxiago dutelako -lesbianek, hain zuzen-, duela gutxi kaleraturiko liburu bat aipatu nahi nuke: «Emakume lesbianen ikusgaitasuna eta parte hartze soziala Euskadin», Inmaculada Mujikak buruturiko ikerketa, bere urteetako eskarmentuan eta 18 emakume lesbianari egindako elkarrizketetan oinarritua.
Ohiz kanpokoa eta ausardiaz aukera horretan aurrera egiten duena estigmatizatua eta baztertua izan daiteke, izan dira; baina pertsona hori emakumea denean, zapalkuntza are eta gogorragoa da, jendartearen balore sexistek euren pisu guztia beraiengan jartzen baitute: amatasuna, familiaren zaintza, etxean ezinbesteko presentzia, eta abar; baina ez hori bakarrik, baizik eta eurek ere bere buruari uko eginez balore horiei erantzun beharrez bizi dira urte asko, batzuk bizitza osoan.
Ikusten ez dugulako, existitzen ez dela pentsatzen dugu, beraz, jakintza eta ezagutzeko interesa sustatuko duen edozein motako adierazpenen aldekoa naiz. Are gehiago bizitza afek- tibo-sexualaz ari garela, askatasunean hain garrantzitsua eta beharrezkoa izanik, edozein pertsonaren garapenerako.