GARA > Idatzia > Editoriala

Italian, «il futuro incerto»

Honela abesten zuen Tonino Carotonek eta, azken gertaerak ikusita, argi dago alpetar herrialdean aurreikuspen hori bete egin dela. Bitan banatutako herrialde gisa agertu da Italia Romano Prodi kargua uztera eraman duen krisi politikoaren harira. Zatiketa hori izan daiteke krisia eragin duen faktore nagusia. Halere, banaketa hori ez da soilik politikoa, soziala eta ekonomikoa ere bada. Zatiketa horren adibideak dira, besteak beste, iparralde aberatsaren eta hegoalde pobretuaren arteko aldea; negozio zikinen ondorioz metatutako diru beltza eta langile xumeen soldata baxuak; faxismoaren oinordekoak, alde batetik, eta komunismoaren jarraitzaileak, beste alde batetik; hiriburuetako biztanleak eta nekazal mundua...

Hasiera batean Prodiren Gobernua -herritarrek Berlusconiren agintaldi beltz bati amaiera emateko hautatu zuten gobernua- Italia banatzen duten interesen bikoiztasunak kudeatzeko eta hein batean gainditzeko gauza izango zela zirudien. Hasieratik, ordea, argi geratu zen gauza bat zela gobernua osatzea eta oso gauza desberdina gobernatzea. Zentro-ezkerreko gobernua barne presioen eta iskanbilen ondorioz hautsi da. Alderdi txikiei beto boterea ematen dien sistema ere auzian dago. Ikusitakoak ikusita, askok sistema aldatzea eskatzen dute.

Orain ez dago argi trantsiziorako gobernu teknikoa osatuko den edo hauteskunde berriak deituko dituzten. Napolitano presidentea da, alderdiekin kontsultak egin ondoren eta horien arteko adostasun nahikoa lortuz gero, erabakiaren arduraduna. Bera Marco Marini demokristauak zuzendutako behin behineko gobernuaren aldekoa da. Baina ez da erraza emaitza asmatzen. Bien bi- tartean, inkestek %15eko abantaila ematen diote Berlusconiri eta hau bere aukeraren zain dago. Italiako auzia ezin da, ordea, pertsona bakar batzuen ardurara mugatu. Ikuspuntu horrek klase politiko osoaren porrota izkutatzen duelako. Eta hori ikusi ahal izan dugu senatuan. Azken hamabost urteetako altenantziak ez du ekarri alternatibarik, eta europar burokrazian trebatutako Prodi ez da gauza izan ezkerreko ikuspuntutik alternatiba hori eraikitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo