GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ixabel Etxeberria Irakaslea Mikel Zabala Tolosako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean

Pello Odriozola, 20 urte borrokan eta erresistentzian

Imajina ezazue bere zigor luzea betea duen Pello, eta Pello bezala beste 170 kide, legeak agintzen duen baldintzapeko askatasuna eman ez, eta urteetako zigor erantsia ezarri dietela ikusita

Gaur beteko dira 20 urte Pello Odriozola euskal preso politiko tolosarra atxilotu zutenetik, Edorta Agirre eta Antton Otamendi Muixar-ekin batera.

Xantaia, gorrotoa, mendekua, gehiegikeria. Gatazka guztietan preso politikoak xantaiatuak izaten dira. Euskal preso politikoen kontra, gaur egun, frantziar zein espainiar gobernuen presioak eta errepresioak ez dute etenik, ezta Euskal Herriaren kontrakoek ere: azkeneko egunetan, asteetan, ehunka atxiloketetan, torturetan (Gorka, Igor eta Mattinen kasuak azkenekoak), inkomunikazioan, kontroletan, beraiekin bat ez datozen era guztietako disidentziaren kontra, baina euskal preso politikoen Kolektiboak jasaten duen etengabeko erasoaldietan ere.

Pelloren espetxeko ibilbidean ere argi ikusten dugu, batez ere Ourenseko espetxean pasatutako lau urteetan, han euskal preso politiko bakarra izanik, erabat bakartuta.

Honi guztiari beste drama bat gehitu behar diogu, senitartekoen istripuak, astero-astero milaka kilometro egin beharra, 40 minutuko bisita izateko (zorte ona izanez gero). Orain dela hilabete azkeneko kasua, Nati Junkoren heriotza, hain zuzen ere. Gehiegizkoa da. Izugarrizko gehiegikeria astebururo ehunka senitartekok nolako arriskuari aurre egin behar dioten. Gehiegikeria istripuen ondorioz, autoa txikitu eta bota behar izan dutenak, eta pozik egon onik atera direlako, hurrengo bidaian pentsatzen duten bitartean; gehiegizkoa da gastatu behar duten dirua. Imajina ezazue bisitaren zain dagoenak zer duen gogoan senitartekoak ikusi arte eta berriro etxean direla jakin arte.

Imajina ezazue gaixotasun sendaezina duen presoa, Administrazioaren axolagabekeriaren biktima, barruan hainbat urte eman ondoren, legea efektu errepresibo guztiekin aplikatu diotena, ez zaiola oraingoan aplikatuko ikusita. Egoera hau jasaten dutenek izen abizenak dituzte, eta ez dira salbuespen batzuk, gehiegi dira. Zerrenda luzea osatzen dute, egungo kasu krudelen eta lazgarrienak diren Juan Jose Rego, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Anjel Figueroa edota Jon Agirrek, besteak beste, hamabiraino iritsi arte.

Imajina ezazue bere zigor luzea betea duen Pello, eta Pello bezala beste 170 kide, legeak agintzen duen baldintzapeko askatasuna eman ez, eta urteetako zigor erantsia ezarri dietela ikusita. Eta egun hauetan, Atutxa kasu, hain gogor justizia eskatzen ari direnak non daude lege urraketa hauek salatzeko?

Ez ikusiarena egiten dute askok biolentziaren aitzakian, biolentzia zehatz baten aitzakian, gainerako biolentziak ez omen baitira oztopo, herri honen aurkako legeei men egiteko ez ezik haiek betearazteko eta beraiez probetxua ateratzeko ere. Hala jokatzen ari dira PNV eta Jaurlaritza, zeinentzat eskubide batzuk beste batzuk baino eskubideago baitira. Polizia bati eskatzen diona ez dio bereari betearazten. Barregarria izango litzateke torturari buruz egin duten ustezko salaketa, negargarria ez balitz.

Egoera honek ezin du erantzunik gabe geratu, ezin dugu horrelako egoerarik onartu. Erasoaldi errepresibo honi ezezkoa esan behar diogu, ezezkoa espainiar eta frantziar estatuei eta baita errepresio honetan bere kolaborazioarekin eta isiltasunarekin parte hartzen duten guztiei ere bai. Egoera honetan ezin du inork bere ardurarik sahiestu. Gaur egun isiltasuna erantzule eta erruduna da

Jasaten dugun errepresioari erantzutea eta injustizia eta bidegabekeria hauen guztien salaketa mugimendu bat martxan jartzera behartuak gaude Euskal Herrian. Bide polizial eta errepresibo honek ez gaituela konponbide iraunkor batera eramango salatu behar dugu. Espainiar eta frantziar Gobernuei euskal preso politikoei ezartzen dien tratamendua ez dugula onartzen jakinarazteko masiboki mobilizatu beharra daukagu.

Honenbestez, erlojuaren kontrako borroka honetan konpromiso sendoak hartu eta herritarron indarrez euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko ahalegin guztiak antolatzea ezinbestekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo