GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Tolosaldeko berriak egunero Txolarre irratiaren eskutik

Tolosaldeko biztanleentzat Txolarre irratiko «Tolosaldeko ahotsa» saioa arras ezaguna da. Egunero hiru orduz eskualdeko berriak jorratzen dituen magazina da. Jon Mirandak zuzentzen duen saioak joan den abenduan zazpi urte bete zituen.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Astelehenetik ostiralera bitartean, 11.00etatik 14.00etara, Tolosaldeko irrati entzuleek hitzordua daukate «Tolosako hotsa» saioarekin. Duela zazpi urtetik hona Txolarre irratiak eskaintzen duen magazina da. Jon Miranda kazetariak zuzendutako saio honetan eskualdeko informazioa, berriak, erreportajeak eta elkarrizketak entzun daitezke, baita egunero prestatzen duten lehiaketan parte hartu ere.

Egunero hiru orduko magazina prestatzea erraza ez bada ere, Jon Mirandaren ustez, «zazpi urte uhinetan egon ondoren mota honetako saioa prestatzea errazagoa da, izan ere, urte hauetan zehar jende mordoa ezagutu dugu eta, ondorioz, gure kontaktuak ugaritu egin dira». Entzuleen aldetik ere ezin dira kexatu Txolarre irratikoak, «jakin ez dakigu zenbatekoa den entzule kopurua, baina irratia entzulearentzat gertukoa dela badakigu. Egunero saioan lehiaketa antolatu ohi dugu eta hamabost minutuz eskualde osoko entzuleak aritzen dira deika. Beraz, hori guretzat oso esanguratsua da».

Eguneko albisteei lotutako saioa denez gero, inauterietan ere kalean izanen da Txolarre irratia. Ostegun gizenean txupinazoa zuzenean eskainiko dute eta ostiralean inauteriak ardatz izango dituen saio berezia prestatuko dute.

Txolarre irratiko langile bakarra da Jon Miranda, baina irratiak kolaboratzaile sare zabala du, bai eskualdeko eragile ezberdinek bai gai zehatz batean jakitunak diren pertsonek osatutakoa.

Egitura aldetik, «Tolosaldeko ahotsa»-k eskema berbera jarraitzen du. Goizeko saioaren unerik onenak 19.00etatik 21.00etara bitartean entzun daitezke errepikatuta. Honez gainera, Arrosa irrati sareko saioekin osatu ohi dute programazioa.

Txolarre irratiak ekoizten duen beste saioa larunbatero hiru orduz eskaintzen duten «Hitzak hegan» da. Eskualdeko kazetaritza ikasle gazteak dira saioaren gidari. Irratia gazteei hurbiltzeko helburuarekin, duela bost urte Txolarre irratian irrati trebakuntza ikastaroak eskaintzen hasi ziren eta arrakasta itzela izan zuten. Ondorioz, bertan parte hartutako gazteei irratsaioak aurkezteko aukera ematen diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo