Aldaketa politikorako berme bakar gisa aurkeztu da EAE-ANV Gipuzkoan
Orain 30 urte egindako iruzurra errepikatu nahi dutelako eta «Euskal Herriaren aldeko bidea» egiteari uko egin diotelako, EAJk eta NaBaik ezin dutela Euskal Herria Madrilen ordezkatu nabarmendu zuen atzo alderdi ekintzaileak Hernanin. Lan hori betetzeko EAE-ANVk Kongresu eta Senatu espainolerako Gipuzkoan osatu dituen hautagaitzak aurkeztu ditu. Agoitzen ere ekitaldia egin zuten, eta iruzurra ez dutela onartuko azaldu zuten argi eta ozen.
Gari MUJIKA |
Urretxuko alkate ekintzailea, Iñaki Zabala, eta Hondarribiko zinegotzi Miren Legorburu izango dira, hurrenez hurren, Kongresu eta Senatu espainolerako bozaldiotan EAE-ANVren Gipuzkoako hautagaitzako zerrendaburuak; Euskal Herriaren hitza eta independentziaren aldarria Madrilera eraman nahi duten hautagaiak, hain zuzen. Hernaniko Biteri Kultur Etxeko areto nagusia txiki gelditu zen oso, EAE-ANVren Gipuzkoako hautagaiak aurkeztu zituzten ekitaldira bertaratu zen jende andana barnean jasotzeko.
Orain dela kasik 30 urte Euskal Herriak bizi izan zuen egoera politikoari so eginez eta egungoa horrekin alderatuz, igaro zen atzo EAE-ANVk egin zuen ekitaldia. Gidari lanak egin zituen ordezkari ekintzaileak azaldu bezala, orain dela 30 urte Euskal Herriaren eskubideak aitortuko eta bermatuko lituzkeen markoa eskuratzeko aukera irekita zegoen, baina «EAJk Euskal Herriaren aldeko bideari uko» egin ziola salatu zuen. Hala, egun, aldaketa politikoaren garaiotan, «EAJk eta NaBai-k, zoritxarrez, beste iruzur bat egin nahi diote berriro ere Euskal Herriari, ondoan PSOE dutela».
Agoitzen ere iruzurraren aurka
«Horregatik ezin dira izan Euskal Herriaren ordezkari Madrilen», ondorioztatu zuen.
«Guk konpromisoa hartuta dugu: datozen lau urteotan independentziaren aldarrikapena Madrilen entzunaraziko dugu, Euskal Herria nazioa dela entzunaraziko dugu», jarraitu zuen hautagai ekintzaileen inguruan. Ziur agertu zen egungo egoera aldaketa politikoa «definitzeko» garaia dela; eta ziurtasun horren pareko determinazioarekin esan zuen etsaiak ere badakiela «ezker abertzalea aldaketa politikorako berme bakarra» dela. «Horrexegatik egongo gara bozaldiotan», gaineratu zuen.
Marko demokratikorako proposamena lanabes izango dutela aurreratu zuten, eta argi azaldu zuten alderdi ekintzailearen proiektu politikoa Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erdiestea dela. Hala, independentziaren aldarrikapenaren bozgorailu lanak Madrilen egiteko EAE-ANVk Gipuz- koan osatu dituen hautagaitzak ondokoak dira; Senatu espainolerako: Iñaki Zabala -Urretxuko alkatea-, Eneritz Maiz -Ikaztegietako alkatea-, Alfonso Sastre idazlea, Ino Galparsoro -Arrasateko alkatesa-, Maixabel Arrieta -Villabonako alkatesa-, Aritz Salaberria -Lezoko alkatea-, Eneritz Arrondo Zegamako zinegotzia, eta Jose Luis Arizaga -Soraluzeko alkatea-.
Kongresu espainolerako, berriz, ondokoak dira Gipuzkoako hautagai ekintzaileak: Hondarribiko zinegotzi Miren Legorburu, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Bergarako alkate Agurne Barruso, Anoetako alkate Periko Peñagarikano, Pasaiako alkate Maider Ziganda, Azpeitiko alkate Iñaki Errazkin, Zestoako alkate Alazne Olaizola, Usurbilgo zinegotzi Juanjo Olaizola eta Orioko zinegotzi Karmele Belasko.
Bestalde, alderdi ekintzaileak Agoitzen ere ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean. Marine Pueyo Iruñeko zinegotziak argi asko azaldu zuen, iaz 25 urte bete zituen Nafarroako Foru Hobekuntza, Madrilek idatzia eta «inposatua» izan zela; eta orain, mende laurdenaren jiran, berriro, EAJ, «bere bertsio nafar NaBairen bidez», Euskal Herriari eta herritarrei beste iruzur bat egin nahian dabilela salatu.
Alfonso Sastre idazle ospetsua eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, dira, EAE-ANVko hainbat alkate eta zinegotzirekin batera, alderdi ekintzailearen Gipuzkoako hautagai izango direnak martxoko bozaldietan.
Gobernu espainolak aditzera eman duenez, EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak legedi espainoletik kanpo uztearren, datozen egunetan ondoko pausOak emango dituzte:
Gaur, astelehena, hilak 28
Joan den ostiralean Ministroen Kontseiluak Estatu espainoleko zerbitzu juridikoei EAE-ANVren eta EHAKren aurka legez kanporatzeko prozesuari ekiteko agindua eman eta gero, gaur, Estatu espainoleko Legelaritzak alderdion aurkako helegiteak aurkeztuko omen ditu; horretarako, bi bide jarraituko ditu PSOEren Gobernuak. Batetik, Batasunaren aurkako sententzia betearaztea eskatuko du, eta hala, EAEren eta EHAKren ekinbidearen suspentsioa behartu; bide azkarrena da. Eta bestetik, euskal alderdiok legez kanpo uzteko eskaria egingo du helegite bidez.
UrtarrilaK 31, osteguna
Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak Garzon epaileari EAE-ANVren eta EHAKren ekinbideen suspentsioa galdegingo dio.
OtsailaK 4, astelehena
Martxoko hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko azken eguna izateaz gain, Garzon epaileak EAHKko ordezkariak deitu ditu. Alderdi honen ekinbideen suspentsioa aztertuko da. Bertan, gainera, Estatuko Abokatua, Fiskaltza, eta Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak ere presente egongo dira.
OtsailaK 5, asteartea
Garzon epaileak deituta, EAE-ANVren ordezkariak Madrilera joan beharko dira. Alderdi ekintzailearen ekinbideen suspentsioa aztertuko da. Baliteke egun berean EHAKren eta EAE-ANVren gaineko erabakia plazaratzea Garzon epaileak.
Otsailak 11, astelehena
Martxoak 9ko hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politikoak zein diren emango da aditzera.
Otsailak 14, osteguna
Alderdien edo plataformen aurka ekiteko azken eguna.
OtsailaK 16, larunbata
Auzitegi Gorenaren azken erabakiak.
Auzitegi konstituzional espainola
Otsailaren 21a baino lehen jakinaraziko ditu ezar daitezkeen helegiteen azken erabakiak. EAEren eta EHAKren aurka eginez gero, erabaki horien aurkako helegiteen azken hitza esango du.