GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Aitzakia baten bila ari ziren; beste pertsona bat, esaldi bat edo toki bat izan daiteke hurrengoa»

p016_f03.jpg

 
Marian BEITIALARRANGOITIA
Hernaniko alkatea

Ez da geldi egotekoa Hernaniko alkatea. Santiago Pedraz epailearen aurretik igaro bezain laster, sagardotegietako txotx irekiera ekitaldietan izan da, baita Udaletxeko lanetan ere. Eta atzo, EAEren ekitaldian hartu zuen parte. Bertan gertatutakoaren balorazioa egin zion GARAri.

Anaitasunako ekitaldiaren biharamunean, Garzon epaileak, goizean, zure esanen aurka ekiteko proposamena egin zuen; arratsaldean, Fiskaltzak kereila aurkeztu zuen. Gainera, EAE-ANV legez kanpo uzteko froga gisa erabiliko zutela aurreratu zuten. Nola bizi izan duzu, egun batetik bestera, auzitegien jopuntuan egotea?

Horrek guztiak, gainera, horren zabar egin izanak, erabaki horrek zenbaterainoko bultzada politikoa zuen utzi zuen agerian. Zitaziotik hasita. Zitazioa ez zen Marian Beitialarrangoitiarentzat, baizik eta Hernaniko alkatearentzat. Beraiek ez zuten Marian zitatu nahi, alkatea baizik. Eta, gainera, Maria Teresa Fernandez de la Vegak segituan esan zuen hori, ANVren aurka erabiliko zela. Hasiera-hasieratik, auzi honek eman dituen pauso guztietan, nabarmen ikusi da beste erabilpen bat zegoela atzetik; fiskalak nire aurkako neurriak eskatzea ere, oso deigarria izan zen. Horrelako auzietan inoiz ez dira halako neurriak hartu, eta horrelako une batean «alarma sozialaz» hitz egiteak, dena neurriz kanpokoa zela eta, nolabait, neure aurkako akusazioa eraiki nahi zutela erakusten zuen.

Eraiki aditza erabili duzu...

Nik eraiki hitza behin eta berriro erabiltzen dut, zeren eta EAE-ANVren kontrako sumarioa eraikitzen ari baitira, ez dira gauzak aurkitu eta biltzen ari, eraikitzen baizik.

Edonola ere, ideia politiko batzuk ari dira kriminalizatzen eta erabat bazter utzi nahian. Orduan, arrazoi gabea izan denez hasieratik bukaerara, edozer espero zitekeen, edozer espero daiteke hemendik aurrera ere, edozer esaten dugula edozein egunetan. Garbi dago erabaki politiko bat dagoela, ez dela berez justiziarekin zerikusia duen zerbait -nahiz eta berez justizia horrek eta Madrilgo auzitegiak oso gutxitan ematen dizkigun, ia inoiz ez, albiste onak euskaldunoi-, eta beste interes batzuk zeudela. Eta, orain, nola saltzen da EAE-ANV legez kanpo uzteko erabiliko zen froga hori artxibatutako sumario baten bitartez? Orain non dago froga?

Pertsonalki, nola bizitu zenuen hogeita lau ordutan eztabaidaren erdigune bilakatu izana?

Lehenik eta behin, sorpresa. Ez nuen espero horrelako esaldi batek, sentimendu batzuen adierazpenak, mila tokitan ia marko politiko guztietako jendeak esan duena, hartu izana.

Argi nuen esaldi hori izan zela, beste bat izan zitekeen bezala. Aitzakia baten bila ari ziren eta zerbait behar zuten; esaldi horri eta niri tokatu zitzaigun, baina hurrengo batean beste pertsona bat, beste esaldi bat eta beste leku bat izan litezke. Bai pentsatzeko, bai izateko eta bai esateko eskubidea ere ukatu nahi dizkigute. Egunetik egunera, pauso gehiago ari dira ematen eta oso kezkagarria da. Noski, pertsonalki ere kezkatzen zaitu, zeure askatasuna baitago jokoan eta zigor bat tartean; baina arlo politikoan eman nahi zaion erabilpena da gehien pentsatzen duzuna.

Eta egia esan, artxiboa bera ere sorpresa bat izan zen. Oso argi izango zuen epaileak ere artxibatzeko. Baina, zeinek esaten dizu bihar beste hitz batzuk esanda Auzitegi Nazionalera ez ote garen berriro joango! Batek daki.

Orain, beste hitz batzuk izan dira Fiskaltzak hautatu dituenak erabakia errekurritzeko. Esan horiekin Espainiako segurtasun indarrei irain egiten omen zaielako.

Bai. Gainera epaileak berak galdetu egin zidan horri buruz, ea sistematikoki torturatzen denaz aukusatu al nuen. Gogoan dut zer erantzun nion: ni akusatzeko ez nintzela nor, kritika politiko bat egin nuela, niri hori egitea dagokidalako.

Horrenbesteko «alarma soziala» eragiten duzunez, zer nolako jarrera ikusi duzu egunotan Hernaniko herritarren aldetik?.

Ikaragarria izan da jaso dudan babesa. Egunotan, gainera, beste pentsamendu bat duen jendea ere hurbildu zait. Herri hau konturatzen hasia baita gehiegikeriak besterik ez datozela Madrildik. Ikaragarrizko babesa jaso dut; beti laguntzen du, epaileari esan nion bezala, gu pertsonak baikara eta sentitu eta sufritu egiten baitugu.

Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo