GARA > Idatzia > Kultura

Bederatzigarren artearen erakusleiho, Angulemako komiki azokak Shaun tan saritu du

Bederatzigarren artea omen da komikia askoren ustez. «Pobreen zinema» zela entzun genion behin nafar marrazkilari irudimentsu bati. Sarri gaizki ikusia eta gutxietsia, gorakada bizi du marrazki eta hitzen bitartez istorioak kontatzen dituen arteak, geurean ere bai.

p057_f02_140x108.jpg

Angulemako hitzordua dugu komikiak duen indarraren lekuko. Europan dagoen azokarik garrantzitsuena baita urtarril bukaeran bertan egin ohi den nazioarteko «Bande Desinée» jaialdia ospetsua, aurten <Bedeo.fr> atariak zuzenean eman duena, internetez.

Urtarrilaren 24an hasi, eta atzo finitu zen azokak, marrazkilariak, komikizaleak eta beste hainbat freak ere elkartu ditu egunotan. Ekitaldiaren garrantzia ulertzeko, badira adibide esanguratsuak. Google bilatzailean «Angouleme» idatziz gero, esaterako, www.bdangouleme.com, azokako atari ofiziala dugu agertzen zaigun lehen emaitza. Parisetik 450 kilometrora kokatua, 110.000 biztanle dituen Estatu frantseseko hiria dugu Angulema, komikiaren hiriburu. Maison des Auteurs de Angouleme, sortzaileen etxea ere badute bertan 2002az geroztik. Museo eta liburutegi, makina bat sortzaile elkartzen dira bertan, egitasmoak gauzatu eta ikastaroak hartzeko (Gogoratu, Alhondiga komiki beka sortu zutela iaz Bilbon, eta sarituak etxe horretan bere egitasmoak garatu ahal izango dituela).

Izan ere, komikilari ospetsuen izenak dituzte hiriko zenbait karrikak -«Tintin»en sortzaile Hergerena, kasu-, eta karrika izenen kartelak komikietan erabili ohi diren «bokadillo»en barruan ageri dira. Marrazki koloretsuz betetako hormak dira nonahi, eta dendetako erakusleihoek ere, ileapaindegi, lurrindegi zein liburudenda, komikietako pertsonaiak agertzen dituzte, apaingarri.

Iragan ostegunean, egitasmo berezi batek eman zion hasiera azokari. Komiki maratoia izan zuten, eta 203 egilek 24 orriko istorioak sortu zituzten 24 ordutan. Baldintza bakarra, denek hamabigarren orrialdean familia bilera bat agertu beharra.

Merchandising, zine emanaldi, mintzaldi eta mintegi, ez da aspertzeko betarik ekitaldiz gainezka den eremuan. Sariei dagokienez, bost atal bereizi ditzakegu. Gazteen Saria, Publikoaren Saria, Egile Berriaren Saria, Funtsezko Ondarea Saria eta Urteko Lanik Onenaren Saria. Lanak 2006ko abendua eta 2007ko azaroa bitartean frantsesez plazaratutako 4000 komikiren artean sailkatu dira eta sekzio ofiziala 58 lanek osatzen dute, komiki munduan perspektiba berriak zabaltzen dituztelako, medioaren bizitasuna erakusten dutelako, egun dauden molde eta genero aniztasunaren isla direlako edo, besterik gabe, haiek irakurtzeak dakarren plazerra aintzat hartu delako.

Hona saritutako lanen zerrenda interesgarria: gaztetxoz osatutako epaimahaia izan da epaia ezagutarazi duen aurrena eta Morvan eta Boucheten «Sillage» lana saritu du (gazteleraz Norma argitaletxeak «Estela» izenez plazaratua). Publikoak berriz, Catel eta Jose Louis Bocqueten «Kiki de Montparnasse» saritu du, gazteleraz Sins Entidok argitaratua). Funtsezko Ondarea Saria Finlandiako emakume batek, Tove Janssonek jaso du, «Moomin» (Le Petit Lézard) lan atsegingarri bezain ezezagunagatik. Egile Berriaren Saria, Isabelle Pralongek eskuratu du, «L´Elephant» lanarekin (Vertige Graphic).

Urteko lanik onenak bost komiki biltzen ditu, ezinbestekotzat ematen dituenak. Lorpen hori merezi izan dute Cyril Pedrosaren «Trois Ombres» (Delcourt), Fréderic Peeters eta Pierre Dragonen «R.G.» (gaztelanieraz Astiberri euskal argitaletxeak plazaratua), Jean Regnaud eta Emile Bravoren «Ma maman est en amerique, elle a rencontre Buffalo Bill» (gazteleraz Ponen Mon etxeak argitaratua), Pascal Rabaté eta David Prudhommeren «La Marie en plastique» (Futuropolis) eta Rutu Modanen «Exit Wounds» (gazteleraz «Metralla», Sins Entido) lan bikainek.

Guztien gainetik, txapela jantzi eta iaz omendu zuten Jose Muñoz argentinar egilearen eskutik Fauve D´Or eskuratu duen Shaun Tan australiarraren «Lá oú vont nos péres», lan gomendagarria oso (gazteleraz, «Emigrantes», Barbara Fiore Editora),

Nobela grafiko isila dugu «Lá oú vont nos péres». Shaun Tan egilearen esanetan, «testurik ez idaztea erabaki nuen, protagonista bera ere ez delako gai ezer irakurri ez ulertzeko eta komikiaren irakurlea ere egoera berean jarri nahi nuelako». Etorkinei buruzko komikia dugu honakoa eta «egoera tamalgarrian bere herria uzten duen etorkin ezezagun baten istorioa kontatzen da bertan, nola itsasoa gurutzatu eta hiri arrotz batean bizimodu berri bati ekingo dion».

Bukatzeko, esan beharrekoa da, Euskal Herriak ere izan duela presentzia azokan, Xabiroi aldizkariko lagunen bitartez.

Anartz BILBAO

Fitxa

Azoka: «Festival International de la bande dessinée».

Tokia: Angulema

(Estatu frantsesa).

Data: Urtarrilaren 24tik 27ra.

Sari Nagusia: Shaun Tan,

«Lá oú vont nos péres».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo