GARA > Idatzia > Mundua

Krisian murgilduta, talde politikoekin biltzen jarraituko du gaur Napolitanok

Italiako gobernu krisialdia dela-eta, Giorgio Napolitano presidentea hainbat talde politikorekin bilduko da gaur eta bihar. Ostiralean, hamarrekin elkarrizketatu zen. Gehienak, trantsizio gobernuaren alde agertu ziren. Eskuinak hauteskundeak aurreratzea exijitu du.

GARA |

Italiako presidente Giorgio Napolitanok gaur jarraituko du talde politikoekin hitz egiten gobernu krisiari konponbidea eman ahal izateko. Atzo «hausnarketarako eguna» hartu zuen. Mahai gainean hiru aukera ditu; trantsizio gobernua osatzea, hauteskundeak aurreratzea edo Romano Prodi lehen ministroari beste aukera bat ematea.

Joan den ostiralean, hamar talde politikoetako ordezkariekin mintzatu zen. Horietatik seik trantsizio gobernuaren alde egin zuten eta hiruk bozak lehenbailehen egin behar direla adierazi zuten. Bakar batek eskatu zuen Prodiri bigarren aukera ematea.

Berlusconik hauteskundeak deitzea exijitu zuen beste behin ere. Are gehiago, bera, dagoeneko, kanpainan dagoela nabarmendu zuen.

«Ez deitzekotan, milioika pertsona joango dira Erromara horiek aldarrikatzera», adierazi zuen. Inkesten arabera, hauteskundeak orain egingo balira, garaile aterako litzateke.

Boterea berreskuratuko balu, bere lehen proposamena entzuketak mugatzea izango litzatekeela nabarmendu zuen. Izan ere, epailearen baimenaz egin zizkioten entzuketengatik beste ustelkeria auzi batengatik auzipetu berri dute Berlusconi.

Bere hitzetan, entzuketek norberaren intimitatea urratzen dute eta «estatu aske batean bizitzea eragozten dute».

Aliantza Nazionaleko buru Gianfranco Finik eta Umberto Bossi ultraeskuindarrek -Berlusconi eta Finiren aliatuak- bozak antolatzea eskatuko dute.

Aitzitik, UDCko buru Pier Ferdinandok eta Refundacion Komunistako Franco Giordanok trantsizio gobernua nahiago dute. Horiekin guztiekin bilduko da gaur Napolitano, eta bihar, Berlusconirekin.

dimisioa sizilian

Siziliako presidente Salvatore Cuffarok kargua utzi du. Bost urteko espetxe zigorra ezarri diote sekretuak ezagutarazteagatik. Epe horretan ezingo da kargu publikoa izan. Mafiarekin lotura izatea ere egotzi diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo