GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko finala

Abadiñoko taldea besteen gainetik agertu da

Bizkaitarren lehen taldeak jantzi zuen txapela, baina beren nagusitasuna areagotzeko, bigarren taldeak zilarrezko domina golkoratu zuen

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta zortzinako Euskal Herriko Txapelketako lehen txapela Abadiñoko lehen taldeak lortu zuen. Baina hori ez zen izan atzo bizkaitarrek lortutako garaipen bakarra, izan ere, atzoko proba bigarren taldeak irabazi zuen, eta sailkapen nagusian bigarren amaitu zuen. Beraz, lehen bi postuetan Abadiñok sartu ditu taldeak, horrek garbi eta garbi erakusten du zer-nolako aldea kentzen dien gainerakoei.

Abadiñoko lehen taldeak txapela ia ziurtatuta zeukan, eta atzo 640 kiloko azkeneko jardunaldian, ez zuen inolako arazorik izan horri eutsi ahal izateko. Atzoko helburua, Abadiñoko bigarren taldea bigarren sartzea zen, eta lortu zuten, atzoko onena izan baitzen, saioko proba guztiak irabazita. Abadiño A izan zen bigarren, bere bigarrenarekin bakarrik galduta. Ñapurrak zegoen atzora bitarte bigarren postuan, eta bazirudien hor amaitu behar zutela, baina Ezpeletakoek atzo ez zuten lan onik egin, eta laugarren amaitu zuten, eta sailkapen nagusian hirugarren geratu dira. Amaiurrek ere amaierako bigarren postua nahi zuen, baina, azkenean laugarrenarekin konformatu behar izan du.

Sailkapeneko azkeneko posturako ere borroka dezente iragartzen zen Berriozarren eta Uztaritzeren arteko deman; nafarrak gailendu ziren, eta azkeneko postu horretan talde lapurtarra geratu zen. Honela geratu da 640 kiloko sailkapen nagusia. Txapeldun Abadiño A 17 punturekin; bigarren Abadiño B 13 punturekin; hirugarren Ñapurrak 12 punturekin; laugarren Amaiur 11,5 opunturekin; bosgarren Berriozar 5 punturekin eta sailkapenean azken, Uztaritze 4,5 punturekin.

Iraeta

Iraetan, Gipuzkoan, atzo jokatu zuten bertako harri bolarekin txapelketa. 107, 4 kilo pisatu zituen, eta lau kirolari aritu ziren lehian. Kirolari bakoitzak bost minutuko bi txanda izan zituen lanerako.

Izeta II.a izan zen nagusi. 40 jasoaldi egin zituen lehen txandan, eta 35 bigarrenean, guztira 75 jasoaldi egitea lortu zuen. Bigarren Aimar Irigoien geratu zen; 38 jasoaldi eman zituen lehen txandan, eta 31 bigarrenean. Denetara, 69 aldiz berdindu zuen harria Irigoienek.

Hirugarren Ostolatza izan zen. Honek, 37 jasoaldi eman zizkion harriari lehen txandan, eta 31 bigarrenean; guztira 68 aldiz jaso zuen harria. Izeta III.a izan zen laugarren. Aiarrak, 32 jasoaldi eman zizkion lehen txandan, eta 30 bigarrenean, guztira, 62 jasoaldi.

Datorren igandean, lau harri-jasotzaile hauek Loiun antolatu duten lehiaketa batean arituko dira lehian, 125 kiloko zilindro zaharrarekin eta pisu bereko harri kubikoarekin.

Mundiala

Datorren hilabetean Italian jokatuko den Munduko Txapelketarako sasoiko dagoela erakutsi du Abadiñok, eta garbi utzi du dominaren bat lortzeko gai ere badela

Prestaketa

Datorren asteburuan Herbeheretan nazioarteko torneo bat jokatzekoa da, eta han izango da Abadiñoko taldea, Mundiala ahalik eta ongien prestatzeko asmoz

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo