GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Emankorragoa da aurrera begiratzea

Atzera begira hausnartu dute gehienek Txinako elurte ikusgarrien krisia. 2002an Guangdongen hegazti gripea zabaltzen hasi zenean, edota 1998an Yangtzi ibarreko uholdeek 3.000 lagun hilarazi zituzteneko aurrekariak aipatu dituzte ia denek. Lehen mailako protagonistetako baten jarduerak eskaintzen zien aukera aprobetxatuz, ia hogei urte atzera egin dute beste batzuek: gaur hamabost Changsako trenbide geltokian ez atzera eta ez aurrera zeuden dozenaka mila lagunei hitz onak eta segurantziak eskaintzen Wen Jiabao lehen ministroa jendez inguratuta ikusi zutenean, gogora etorri bide zitzaien 1989ko maiatzaren 19ko beste argazki hura, non, garai hartan idazkari orokorra zen Zhao Ziyangen laguntzaile legez agertzen baitzen Wen bera, Tiananmeneko plaza hartuta zeukaten gazteei etxera joan zitezen erregutzen. Suhiltzaile politikoa izateko jaio zen nonbait.

Irudi haiek oso gogoan dituztelako edo (litekeena da, Katrina urakanaren aurrekaria ondotxo ezagututa, halakoetan zer ez den egin behar ikasia dutela), Hu Jintao, egungo idazkari orokorra, Wen Jiabao lehen ministroa eta gainerako txinatar agintari goren guztiak inoiz ez bezala mobilizatu dira azken bi aste hauetan. Jendaurrean eta, itxura denez, bulegoetan. Partidu bakarreko sisteman diharduten arren, badakitelako nolako garrantzia duen iritzi publikoak. Hemen eta Beijingen. Eta horregatik, Iraultza Kulturalaz geroztik ikusi gabeko mobilizazio orokorra eginarazi diote Armadari, adibidez. Premia ere halakoa izan da: hildakoak bakanak izan badira ere, ehunka miloi txinatar geratu dira elektrindarrik gabe, Urte Berria ospatzera jaioterrira itzuli ezinik, uzta asko galdu egin dira... Azken mende erdiko negurik gogorrena izan omen denak hazkundearen ifrentzua erakutsi die.

Aurrera begira ipintzea askoz emankorragoa dela iruditzen zait. Ekologismoa, Europan eta Ameriketan ezagutzen dugun eran behintzat, gutxiengo ñimiñoen bitxikeria besterik ez deneko Txinan... hasiko ote dira, agintariak bederen, «natura menderatu behar» dutenen ikuspegi klasikotik «naturarekin orekan ahalik hobekien bizi» behar/nahi dutenen ikuspegira pasatzeko urratsak ematen? Horrexen menpe baitaude mundu mailako iraunkortasunaren agenda gehienak. Egunotan entzun direnetako batzuek baikor izateko modukoak dirudite. Ea gauzatzen hasten diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo