Maite Aristegi eta Mikel Irastortza Nazio Eztabaida Guneko kideak
Zazpiak bat, erabakiak har ditzagun
Arriskuz beteriko unea da, baina, era berean, aukerak ere handiak dira, eta horiek aztertzea eta indarrak biderkatzea funtsezkoa da. Horixe da zabaldu nahi dugun mezua Euskal Herriko herritar guztioi aitortu behar zaigu etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Horretan ere, ezin gara zain egon
Herritar eta abertzale gisa, gure herriaren egoerari erreparatu nahi diogu. Euskal Herria nazioa dela baieztapenetik hasi eta, nazioaren partaide garen aldetik, gure etorkizuna erabaki eta garatu nahi dugun herritarron ikuspuntutik arituko gara.
Ataka zailean gaudenik ez dugu ukatuko. Historian zehar bezalaxe, espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herria ukatzen eta gure biziraupena kinkan jartzerainoko jokamoldeari eusten diote. Arbasoek ere egun ezagutzen dugun ukazioa pairatu zuten. Nahi dugun bezala antolatzea eta bizitzea galarazi nahi izan digute. Denborarekin ordea, eragin zaigun kalteari tamaina harturik ere, gure identitatea iraunarazteko gaitasuna izan dugu. Edonola ere, honek guztiak ondorio kolektibo eta indibidual izugarriak ekarri dizkigu. Baina zinez garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herrian nazio gisa biziraun eta garatzeko agertu dugun borondatea eta gaitasuna azpimarratzea. Oztopoen gainetik, gai izan gara tresna propioak sortzeko, lurralde zatiketari lurraldetasunean oinarrituriko proposamenekin erantzuteko, gure identitatearen zeinu nagusia den hizkuntza bizirik iraunarazteko eta, funtsean, hemen nazio bat badela ozen adierazi, eta etorkizun aske baten alde agertzeko. Gai izan gara Euskal Herriak munduko nazio burujabeen mapan dagokion lekua izan dezan aukera zabalik izateko.
Une honetan espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herria ukatzen jarraitzen dute esku artean dituzten lanabes guztiekin. Euskal lurraldeen arteko harremana eta egituraketa kosta ahala kosta zangotrabatu nahi dute. Burujabetzaren auzia da bizi dugun egoeraren korapiloa. Horixe da gatazka politikoaren jatorri nagusia eta gure historiaren ezaugarri iraunkorra. Espainiar eta frantses estatuen mendeko agertokian nazio gisa desegituratzea, edo Euskal Herria bere buruaren jabe izatera eta nazio gisa bizi, antolatu, egituratu eta erabakitzeko gaitasuna izatera eramango gaituen agertokia eraiki eta eskuratzea dira aukerak.
Horixe da, beraz, gaur egun jokoan dagoena. Azkenaldian gertatzen ari den guztiaren atzean horixe baitago. Gatazka politikoari konponbide demokratikoa eman behar zion elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren bitartez, aipatu korapiloak askatu eta gure nazioaren biziraupen eta garapenean urratsak emateko itxaropenak zapuztu direla dirudi. Aipatu prozesuaren hausturarekin, inolako irteerarik gabeko tunelean gaudela pentsa dezake askok. Aldiz, garai gogorrak izanik ere, egoerak jokoan zer dagoen erakusten du: estatuen mende jarraitzera eramango gaituen erreforma egin, edo Euskal Herria burujabe izatera eramango duen aldaketa eragitea. Eta hori guztia ikusirik, euskaldunok, iraganean bezalaxe, gure nazioak burujabetzaren norabidea har dezan dugun zeresana eta zeregina erabakigarria da. Arriskuz beteriko unea da, baina, era berean, aukerak ere handiak dira, eta aukera horiek aztertzea eta indarrak biderkatzea funtsezkoa da. Horixe da zabaldu nahi dugun mezua.
Euskal Herria bere buruaren jabe izan dadin edozein agertoki aldaketak ezinbestez abiatu behar du euskal nazioaren aitorpenetik. Ezinbestez gure nazioa osatzen duten lurralde guztiak eta lurralde guztietako herritarrok hartu behar gaitu kontuan. Eta ezinbestez, gure oraina eta batez ere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna ekarri behar du. Oinarri horiek barne biltzen dituen aldaketa izango da bizi dugun gatazka politikoari konponbide demokratikoa emango dion benetako urratsa. Korapilo horiek askatzera ez datozen proposamenak ez dira gatazka politikoa konpontzeko baliagarri izango.
Horiek horrela, estatuen borondatea noiz aldatuko zain ezin gera gaitezke. Euskal Herria burujabe izatera eramango duen bidean urratsak ematea ezinbestekoa da. Eragile sozial, sindikal edo politikoetan antolaturik edo, bestela, herritar gisa, nazio izatea babestu eta garatzeko jarduerak biderkatzeko garrantzia nabarmendu nahi dugu. Azken batean, nazioa ahuldu, gure identitatea eta hizkuntza arriskuan jarri eta lurralde zatiketa betikotzeko asmoen aurrean, nazioa egituratu, naziotasuna indartu eta lurraldetasuna praktikan gauzatzeko urratsak ematea gure esku dago.
Urteotan oso erroturik izan dugun ikuspegi bat gainditzen joatea garrantzitsua deritzogu. Zazpiak bat, lurraldetasuna gauzatzen joateko garaia da. Mugak gainditzen joan eta euskaldunon arteko harremanak sendotuz, larrien diren lurraldeen biziraupen eta garapenerako nazio elkartasuna antolatuz edota gure jarduera Euskal Herritik Euskal Herrira begira jarriz. Bakoitzaren berezitasunetatik, barne kohesioa landuz eta nazioa trinkotuz, herritar guztion eskubideak bermatzeko proiektuak indartuz. Ikuspegi horretan sakondu eta nazioaren biziraupena eta garapenerako lana eguneroko jarduera bilakatzea herritarron eta eragileon eginkizuna da.
Horri lotuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenaren indarra aipatu behar da. Sarri, erabakitzeko ahalmena eman behar zaigun zerbait bezala ulertu izan dugu. Baina Euskal Herriko herritar guztiei aitortu behar zaigu etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Horretan ere ezin gara zain egon. Oztopoak ukatu gabe, burujabetzaren norabidean erabakiak hartzen joan behar dugu. Erabakitzeko eskubidea praktikan gauzatuz eta mekanismo berriak zabalduz. Garbi izan dezagun nazioa osatzen dugun zazpi lurraldeotako herritarrok garela erabakitzeko eskubidearen subjektuak. Zazpiak bat, erabakiak har ditzagun.
Ziur gaude, gu bezala, proiektu politiko edo sozial ezberdinak izan arren, Euskal Herrian milaka abertzale eta herritar gaudela burujabetza lortu ahal izateko bidearen alde. Ziur gaude, gure nazioaren biziraupenaren eta garapenaren alde elkarren ezagutzan eta lankidetzan oinarrituriko nazio estrategia bultzatzeko sobera indar dagoela. Ziur gaude, emeki baina urrats sendoak emanez, Euskal Herriak behar duen aldaketa gorpuzten eta eraikitzen joango garela. Bide hori indartzeko hainbat ekimen sustatuko ditugu datozen hileotan. Euskal Herriarentzat ate berriak zabaltzeko ateak zabalik dira.