GARA > Idatzia > Jo puntua

Abertzaleen megafoniaren indartzeko garaia

Haurra sortu da, baldintza normaletan, ez egokietan, ondoan seniderik ez baitzuen presoak. Baina eskuburdinak ez dituzte erabili, seguritatearen aitzakian egiten duten bezala. Elkartasunak bere bidea egin du eta emaitza izan da

Aurreikusi bezala hauteskundeek elkartze anitzak ekarri dizkigute. Noski, EAJk UMPren hautua egin du kasu askotan. Zenbait herritan UMPk desberdintzen ditu EAJkoak eta abertzaleak, zerrendetako kideak aipatzeko unean. Badirudi partaidetza horrela sentitzen dutela, alegia, EAJ ez dutela abertzaleen aldean kokatzen. Informazio gehiago beharko dugu UMPren alderditik horren azaltzeko. Dena den, Hendaiako kantonamenduan, EAJk EH Bai taldea baztertu zuen, bertan parte hartzea ukatu zuen, eta bere aldetik hautagaia aurkezten du. Abertzaletasun bateratuari aukera paregabea ukatuz, frantses alderdien aitzinean emaitza polita egiteko parada nahiago izan dute alde batera utzi. Ez dute, aldiz, arazorik izan Baionan, Angelun, Urruñan, Ziburun UMPrekin bat egiteko. Garai batean, Urruñan EAJk herriko talde abertzalean parte hartu zuen, ez zen inongo arazorik izan. Aurten, aldiz, ez dakigu zergatik, baina Poulourekin edo, hobeki erranez, Poulouren txotxongiloaren zerrendan kokatu da. Pentsa dukete EAJren alderdiaren onerako izanen dela. UMP ezagutzen ez dutelako izango da. UMPk ez baitu lerro baten uzteko borondaterik. Prest izan da Alain Iriarti eskua luzatzeko abertzaleen artean ziriaren sartzeko, Borotrari sostengua emateko etsaia izan dutelarik, egokitzeko gaitasun handia erakutsi baitu beti, EAJk baino gehiago. Eta MAM ez da inoiz urrun egoten, segur aski hor izanen dugu Donibanen, itzultzeko prest, sekula Gobernuan aldaketak balira, herrien arteko elkargoan giderren hartzeko prest. Ez dio inork aurre eginen. Euskararen bihurgunea hartuko dute, euskararen alde direla zabaldu duten ilusioaren dinamikan, hori bera salduko digute. Besterik ez baitute erraten ahal, agintean direnetik ez baitute tokiko arazoei begira politikarik garatu, eta abertzaleek leporatzen diete ozenki, eta gaur egun abertzaleak entzunagoak dira, eragin handiagoa dute, handia ez bada ere. Horri erantzun behar diote eta horrela eginen dute ondoko asteetan. Abertzaleen megafoniaren indartzeko garaia dugu.

Beste kezka bat hedatu da aste honetan. Frantziako presondegi batean euskal preso batek haurra izan behar zuen eta euskal presoek dituzten baldintzak oso kaskarrak direnez, beldurra zen erditzea loturik pasatzeko arriskua zegoela. Lekukotasun asko dira, poliziaren presentziarekin eta loturik jasan behar izan dutenena erditzea. Hogeita batgarren mendean pentsa ezina baldin bada ere, errealitate gordina da. Alarma piztu ondoren, jende asko mobilizatu da, hautetsi batzuek ezin zuten sinetsi gerta zitekeenik, baina laguntza emateko prest agertu dira, ez baitira funtsean fidatzen frantses Administrazioaren aurrean. Haurra sortu da, baldintza normaletan, ez, ordea, egokietan, ondoan seniderik ez baitzuen presoak. Baina eskuburdinak ez dituzte erabili, seguritatearen aitzakian egiten duten bezala. Elkartasunak bere bidea egin du eta emaitza izan da. Beste hainbat kasutan beharrezkoa izanen da oraindik. Ongi etorria eman nahi diot umeari eta besarkada handia Alaitz eta Igorri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo