GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Perurena gazteak 230 kiloko harria esku bakar batekin berdindu du bizkarrean

p049_f02_097x096.jpg

J.L. | DONOSTIA

Inaxio Perurenak bete zuen bere helburua atzo Getxon, eta 230 kiloko harri zilindroa bizkarrean berdindu zuen, marka pertsonal bat lortuz. Esku bakarreko markei begiratuta, bigarren postuan dago Inaxio, eta aurretik du bere aita, Iñaki, hain zuzen ere, 267koa jasota.

Beharrezko beroketak egin ostean, 230 kiloko harria prestatu zuen, bere aitaren begiradapean, hura izan baitzuen alboan. Bere burua prest ikusi zuenean, epaileari keinu egin zion, eta honek txistua jo zuenean ekin zion lanari. Harria gerrira ekarri, gerrian buelta eman, eta hiru kolpe eman ostean, bizkarrean berdindu zuen. Hori guztia egiteko hamazazpi segundo behar izan zituen.

Leitzarrak jasoaldi garbia egin zuen. Gustura geratu zen, gainera, jasoaldia egin ostean, eta berak markatutako bidean beste urrats bat egin zuen aurrera. Orain dela hilabete pasatxo bi eskuekin egin zuen marka, eta atzo, berriz, batekin. Bost minutuko txanda zuen, eta horiek pasatutakoan, epaileak amaitutzat eman zuen atzoko ahalegina, eta marka eginda geratu zen.

Inaxio gustura agertu zen komunikabideen aurrean emandako azalpanetan: «Oso gustura nago. Jasoaldi garbia eman dut, eta hori da garrantzitsua, balekoa izatea. Hala ere, plazan etxean gertatzen ez diren gauza asko gertatzen dira, eta gaur ere gertatu zait. Harria gerrira ekarri dudanean, irrist egin dit, eta apur bat behera joan zait, baina ongi moldatu dut, eta amaieran jasoaldi ona izan delakoan geratu naiz», esan zuen Leitzako harri-jasotzaile gazteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo