Berezkoen Buruz Burukoa
Thierry Etxetok Dermit astindu du, eta finala jokatzetik oso gertu dago
J.L. | DONOSTIA
Armendaritzen amaitu ziren atzo finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko partidak, eta Etxetok eta Waltarik irabazi zituzten jokatutako partidak.
Lehenengoan ia partidarik ere ez zen izan, Etxetok ez baitzion Dermiti ezer egiten utzi. Hala, atzo 40 eta 9 irabazi zuenez finala jokatzeko txartela eskuetan du atzelari lapurtarrak. Neurketak 27 minutu bakarrik iraun zuen, eta tantoen ia erdiak botetik lortu zituen Etxetok, guztira 19 kintze egin baitzituen hasierako jokaldiari esker, eta bat bera ere ez zuen lortu Dermitek.
Honako hauek izan ziren partzialak: 10-2, 20-8, 34-9 eta 40-9. Etxetok 15 kintze egin zituen, eta lau galdu. Dermitek, bestetik, bost egin zituen, eta sei izan ziren galdutakoak.
Waltari
Bigarren neurketan, Waltarik 40 eta 33 irabazi zion Kurutxariri. Garaipen hori gorabehera, finalean sartu ahal izateko, azkeneko partida ere irabazi, eta Ozafrainek bere galdu egin beharko luke, eta horrela ere, bi pilotarien arteko puntuak begiratu beharko lirateke, kubatarrak lehen jardunaldian galdu egin baitzuen Ozafrainen aurka.
Atzoko partida horrek, 52 minutu iraun zuen, eta 8 kintze sartu zituen saketik amerikarrak, eta 13, berriz, Kurutxarik. Partzialak hauek izan ziren: 10-8, 20-20, 27-27, 36-28 eta 40-33. Waltarik 26 tanto egin zituen, eta 7 galdu zituen. Kurutxarik, berriz, 13 kintze egin zituen, eta galdutakoak sei izan ziren. Bi pilotariek oso norgehiagoka polita eskaini zieten Armendarizen batu ziren zale guztiei.