GARA > Idatzia > Euskal Herria

Grebarako deialdia dute gaur Soin Heziketako irakasleek EAEen

Soin Heziketaren Aldeko Taldeak eta ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuek grebara deitu dituzte gaur arlo horretako irakasleak. Lakuak aurreikusitako ordu murrizketaren aurkako protesta da.

p022_f02-111x11.jpg

GARA | DONOSTIA

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Soin Heziketako irakasleak grebarako deialdia dute gaur. Soin Heziketaren Aldeko Taldeak (SOHAT) eta ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuek antolatu dute protesta eguna, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak irakasgai horretarako aurreikusi duen ordu murrizketa dela-eta.

Deialdia egin duten eragileek elkarretaratzea egingo dute goizean Gobernu autonomikoaren aurrean, Lakuan, 9.00- etan. Irakasleek eta ikasleek ere parte hartuko dute. Prentsaurrekoa eskaintzekotan dira han bertan, eta ondoren orain arte bildu dituzten 75.000 sinadurak eta azken hilabeteotan jasotako atxikimenduak aurkeztuko dituzte Tontxu Camposek zuzentzen duen Hezkuntza Sailean.

SOHATek iragarri duenez, Lakuako ekimen horretara hainbat kirolari eta pertsona ezagun batzekoak dira: bes- teak beste, Jose Luis Korta arraunlaria, Porrotx pailazoa, Irati Anda eta Iker eta Eneko Pou eskalatzaileak, Jon Arretxe idazlea, Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeko zuzendaria, Peio Arreitunandia txirrindularia... Ezustekoren bat ere antolatu ei dute.

Behin Lakuako lanak amaituta, 10.00 edo 10.30 aldera, Legebiltzarrera abiatuko dira kalejiran, «trikitilari eta guzti». 11.00etarako aurreikusi dute Ganbera autonomikora iristeko ordua, eta hantxe kontzentrazioa egingo dute.
Izan ere, ordu horretan Parlamentuko Hezkuntza eta Kultura Batzordea biltzekoa baita, Soin Heziketaren gainean eztabaidatu eta bozkatzeko. PPk ekimena aurkeztu du, irakasgai horri gaur egun eskaintzen zaion ordu kopurua mantentzeko eta Hezkuntza Saila horretara bultzatzeko.

Zer galduko den ikusteko

Hirukoak emendakina aurkeztu du. EAJren, EAren eta EBren proposamena da ikastetxe bakoitzak ikusi eta jaso behar duela, bere kurrikulum proiektuaren arabera, Soin Heziketaren garrantzia eta horri eman beharreko pisua.

Legebiltzarreko eztabaidak eta greba egunak bat egingo dute, beraz. Gainera, gaur bertan emango dute amaitutzat Soin Heziketaren Aldeko Taldeak joan den urtarrilaren 28an abian jarri zuen protesta. Ekimen horri jarraituz, azken egun hauetan ikastetxeetan Soin Heziketako klaseak kendu eta ordu horietan beste irakasgai batzuk eman dituzte. Plataformaren helburua honakoa zen: «Ikasleek eta gainerako irakasleek ikustea zer ekarriko duen ordu murrizketa horrek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo