GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Txema Landa, Joxe Migel Agirre eta Ibai Iztueta Euskaria Fundazioko kideak

Inperialismoaren ofentsiba juridiko, politiko eta militarra

Euskal nazio erakundeak behar ditugu, hots, nazio legebiltzarra, nazio gobernua eta euskal nazio sistema judizial, polizial zein hezkuntzakoa

Egun hauetan iritzi artikulu bat idaztea zaila da, etengabe gertaerak bata bestearen atzetik ziztu bizian igarotzen baitira. Egoera orokorraren azterketak zentzudunagoa dirudi, aipamen zehatzen zerrenda luzatzea baino. Hala ere, zenbait datu aipatu beharrekoak dira. Esaterako, EAE-ANV eta EHAK alderdien lanaren debekuaren berri jaso genuen; Pernando Barrena eta Patxi Urrutia atzeman zituztela jakin, eta berri hori zabaltzeko astirik gabe, Txema Jurado eta Karmele Aierberen (besteak beste) atxiloketen berri izan genuen. Iparraldean ere desobedientzia zibilaren bultzatzailea eta ELAko kidea den Txetx Etxeberriren atxiloketaren berri ukan genuen. Duela lau aste, Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintza baketsu batean parte hartzeagatik bi gazteri «terrorismo» delitua egotzi zieten.

Horiek guztiak eskubideen urraketa iraunkorraren adierazpenak izan dira, hiru asteko epean gertatu direnak. Kate luze baten azkeneko gertaerak. Bake prozesuak porrot egin zuenetik, PSOEren Gobernuak abertzale mugimendua eta euskal disidentzia politiko osoaren kontrako eraso larriari ekin dio, PPk egin zuena gaindituz, eta jokabide xenofobo eta etnizidan sakonduz.

Lehenengo aldiz, gainera, tresna bertsuak erabiltzen, indarkeriarik eza estrategiaren barruan kokatzen den pertsona bat (Txetx) atxilotu dute Ipar Euskal Herrian «terrorismoarekiko» harremana eduki izana egotzita.

Objektiboki benetako ofentsiba mediatiko, politiko, judizial eta militar baten aitzin gaudela esan dezakegu. Frankismoa bukatu zenetik gutxitan ikusi baitugu mugaren bi aldeetan eta horren epe laburrean egun hauetakoa bezalako sarraskirik.

Espainiar eta frantziar gobernu inperialistak, modu koordinatuan, abertzale mugimendu osoari eta Euskal Herriari herri gisa zuzendutako eraso politikoan murgildu dira, herri kolonizatu gisa tratatuz.

Hori guztia dela-eta, Euskaria fundazioak eskubideen urraketa sistematikoa salatu nahi du.

Ezin da esan frantziar eta espainiar estatuek biolentzia politikoa baino ez dutela zigortzen. Arestian aipatutakoak, 18/98 sumarioaren epaiak, Gasteizko Legebiltzarreko hiru mahaikideen aurkako zigorrak, Ibarretxe lehendakariaren auzipetzeak... estatu horiek gure nazio izaera ukatu ez ezik, deuseztatu ere egin nahi dutela adierazten dute.

Ezin da gehiago zain egon, nazio estrategia bati heltzea ezinbestekoa da. Gure etorkizuna jokoan da eta gure herria zatitu duten bi estatuek sortu duten markoak ez ditu gure giza eskubideak bermatzen. Estaturik gabeko herria izanik, babes juridikorik gabeko europarrak gara euskal herritarrak. Egoera etnizida hau jasanezina da.

Gure buruaren jabe izan behar dugu eta lehenbailehen; euskal erakundeek baino ez dituzte guztion eskubideak babestuko. Euskal nazio erakundeak behar ditugu, hots, nazio legebiltzarra, nazio gobernua eta euskal nazio sistema judizial, polizial zein hezkuntzakoa. Modu horretan bakarrik bermatu ahal izango ditu Euskal Herriak bere etorkizuna, bere izaera eta «izaitia».

Espainiar eta frantziar estatu inperialistekin dugun gatazka politiko larriak adierazpen bortitzak ditu. Egun hauetan gertuko adibideak ikusi ahal izan ditugu. Arestian aipatutakoaz gain, lehengoan Bergaran lehergailu bat eztandarazi zuten. Bortzehun urte luze iraun du gatazka honek eta bada garaia auziak bide politikoetatik konpontzeko. Gatazka bide demokratikoetatik bideratu behar da, eta lehenbailehen. Alde anitzetako bortizkeriak behin betikoz bukatu behar du. Bide baketsuek elkartzen gaituzte, elkartze horretan dago gure indarra, subiranotasunaren aldeko indarra eta bide baketsu eta tinkoak, konfrontazio demokratikoak alegia, garaipena eman diezaguke.

Gora I. Euskal Errepublika.

(*) Euskariako kide Verónica Domingo eta Patxi Azparrenek ere sinatzen dute artikulu hau

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo