GARA > Idatzia > Kultura

«Literatura eta ideologia», «begiak irekita» irakurtzeko proposamena

Literatura istorio ederrak kontatzeko tresna da, baina ideia eta baloreak transmititzeko ere bada. «Neutroak» balira bezala aurkezten dituzten literatur lanak ere ez daude eginkizun horretatik libre. Horren inguruan gogoeta egin du Xabier Etxaniz Erlek «Literatura eta ideologia» lanean. Utriusque Vasconiae-k argitaratu duen liburu honek irakurketa kritikoa sustatzea du helburu; «begiak irekita» irakurtzeko proposamena da.

p052_f01_148x112.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Ahozko euskal literaturan zergatik ez dago boterearen edo elizaren kontrako mezurik? Estereotipo sexistak indartu, ala gizon eta emakumeen arteko rol parekotasuna bultzatzen du egungo euskal literaturak? Egia al da indarkeriak eta gatazka politikoak ia ez dutela lekurik egungo produkzioan? Irudiak beti al datoz bat testuekin? Zein da Disneyren film erakargarrien atzean ezkutatzen den ideologia? Honakoei eta beste hainbat galderari erantzuten saiatzen da «Literatura eta ideologia», Xabier Etxaniz Erlek (Oñati, 1961) plazaratu berri duen liburua. «Saiakera laburra da -ehun orrialdetxo-, baina zaindua eta benetan mamitsua», ohartarazi du Ur Apalategik, Utriusque Vasconiae-ko argitaratzaileak.

Xabier Etxaniz Erlek berak adierazi duenez, «literatura betidanik izan da istorio ederrak kontatzeko tresna, baina, horrez gain, munduaren ikuskera bat islatzen duen heinean, ideia eta baloreak ere transmititzen ditu». Esaterako, historian nazio identitateak indartzeko erabili izan da, eta horren lekuko dira «nazional» deritzaten literatura guztiak. Euskal literatura ere ez dago fenomeno horretatik kanpo, gogorarazi du egileak. Izan ere, historian asko baitira «euskara salbatzeagatik» edo «euskal identitateari eusteagatik» idatzi duten idazle euskaldunak.

Literatura «neutrorik» ez

«80ko hamarkaz geroztik ez dut uste hori gertatzen denik -esan du Etxanizek-, eta gaur egun gure literaturaren helburu nagusia istorioak kontatzea da, baina gure diskurtsoak, gure jokabide guztiak bezala, markatuta daude. Orain dela bost urte `Egunkaria' itxi zutelako aktiboki protesta egin dezakegu edo horren aurrean isil gaitezke, baina bi kasuetan ari gara nolabait jokatzen. Literaturarekin gauza bera gertatzen da».

Literatura «markatuta» dago beti eta ezinbestez? Ez ote dago literatura «neutrorik»? «Aldaketa eragiten ez duen produktuak indarrean dagoen boterea, dauden estereotipo eta ideiak bultzatuko ditu», erantzun du Etxanizek, ezbairik gabe. Eta arau hori literatur lanei ere badagokie. Ideologia «markatuta» ez duten literatur lanek statu quo jakin bat indartzen dute, prentsan «`Diario Vasco' edo `El Correo Español' bezalakoekin gertatzen denaren antzera».

«Literatura eta ideologia» Daniel Cassanyren gogoeta batetik abiatzen da. Historian dominatzaileek beren borondatea ezartzeko erabili dituzten hainbat tresna aztertu ditu irakasle katalanak. Ondorioztatu duenez, erromatarren garaian edo Erdi Aroan ezpataz baliatzen baziren ere, gaur egun diskurtsoaz baliatzen dira. «Diskurtsoa hain da arma boteretsua ezen denok jakin beharko genuke nola erabili», dio Cassanyk. Bada, literaturak ere diskurtsoak indartzen laguntzen duen neurrian, Xabier Etxaniz Erlek hainbat mekanismok nola funtzionatzen duen ezagutzea komeni dela uste du. Eta mekanismo horietako batzuen berri modu pedagogikoan ematen du «Literatura eta ideologia» lanean, beti ere irakurketa kritikoa bultzatzeko asmoz.

Izan ere, literaturak bere arauak ditu, eta nobela bat testuliburu edo beste ezer bihurtzeko joera saihestu behar dela garbi dago, baina, aldi berean, literaturaren bidez ere ideiak eta baloreak transmititzen direla jakitun izan behar garela ohartarazi du Xabier Etxaniz Erlek. «Gure asmoa gizarte aurrerakoi, demokratiko eta parte hartzailea lortzea baldin bada, gure ametsak zerekin elikatzen ditugun zaindu beharko dugu», ohartarazi du egileak.

Errezetarik? Bat bakarrik: «Begiak irekita irakurtzea».

Ahozko literaturatik Disneyren filmetara

«Literatura eta ideologia» bost atal nagusitan banatu du Xabier Etxaniz Erlek, zehatz-mehatz: ahozko literatura, emakumeak egungo literaturan, irudigintza, indarkeria, eta Disney.

Ahozko tradizioari dagokionez, erlijio kutsu handikoa dela ondorioztatu du egileak. Ez da harritzekoa, herri-ipuin biltzaile gehienak (Webster, Barbier, Azkue, Barandiaran...) eliz gizonak izan direla kontuan izanik. Oro har, boteretsuen kontrako ipuinik edo sexu zantzurik zuenik ez zen bahetik pasatu.

Egungo euskal literaturan emakumeek duten rolari dagokionez, berriz, ezkorra da liburuaren egilea. Emakumeek literaturan duten protagonismoa errealitatean baino are txikiagoa ez ote den duda egiten du Etxanizek.

«Atzerapen» hori irudigintzan ere islatzen omen da. Are gehiago, batzuetan, testuak gauza bat esan eta irudietan, berriz, rol tradizionalagoak islatzen dira.

Indarkeriaz eta gatazkaz diharduen atalean, zera idatzi du Etxanizek: askotan esan izan denaren kontra, «gai gutxik izan dute gure letretan azken hamar-hamabost urteotan hainbeste idazlan, indarkeriaren ingurukoek beste».

«Literatura eta ideologia» laneko azken atala Disneyri eskaini dio egileak, «gaur egun haur literaturaren inguruan munduan dagoen industriarik handienari», alegia. «Aladdin», «Errauskine» eta beste hainbat lan aztertuta, zera ondorioztatu du: «Disneyk proposatzen duen ideologia indibidualismoan oinarritutako american way of life delakoa da; `amets amerikar' horrek elkarlanaren kontrako joera bultzatzen du, baita justizia, zuzentasuna, berdintasuna, elkartasuna eta abarren kontrakoa ere». Disneyk, «zorionez» -dio Xabier Etxanizek-, ez du baimentzen bere filmak euskaratzea, «gurea hizkuntza txikia delako». M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo