GARA > Idatzia > Euskal Herria

Porturen auziko guardia zibilei «alde egiteko» eskatuko diete ostiralean

Igor Portuk egindako tortura salaketaren inguruan, zortzi guardia zibilek inputatu gisa deklaratu behar dute ostiralean Donostiako auzitegian. Amnistiaren aldeko mugimenduak bertan deitu du elkarretaratzea, «torturatzaileei Euskal Herritik alde egiteko» galdegiteko

GARA |

Indar okupatzaileak Euskal Herrian dauden bitartean tortura egongo dela uste du amnistiaren aldeko mugimenduak. Beraz, indar horiek Euskal Herritik alde egitea da, mugimendu honen iritziko, torturari behin betiko amaiera emateko bide bakarra. Ostiralean, gainera, mezu hori helaraziko diete Igor Portu lesakarraren atxiloketan, lekualdaketan eta zaintzan parte hartu zuten zortzi guardia zibilei. Guardia zibil horiek inputatu gisa deklaratu behar dute Donostiako 1. Instrukzio epaitegian.

«Torturatzaileak alde hemendik! Aski da!» leloarekin, elkarretaratzea antolatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Hitzordua 12.00etan jarri da, epaitegian bertan, eta herritarrei dei berezia egin diete bertan parte hartzeko.

Tortura, euskal herritarren aurka eta independentziaren aldeko borroka ezabatzeko erabiltzen den «estrategia errepresiboari atxikitako praktika basatia» dela azaldu du. Hala, azkenaldian jasotako testigantzek, Igor Portu, Mattin Sarasola eta Gorka Lupiañezena kasu, praktika hori Estatu espainolean «sistematikoki» gertatzen dela frogatzen dutela deritzo.

Torturaren erabilera, «xede politiko argiekin eta boterean dagoenaren aginduz» egiten dela diote, eta, horregatik, PSOEri leporatu diote torturaren «erantzule nagusi» izatea.

Ahatik, EAJ eta NaBai-ren jarrerek, «torturaren desagerpenean lagundu ez, eta tortura kasu gehiagori bidea irekitzen dietela» nabarmendu dute. Horren adibide aipatu zituzten, Ibarretxek azken tortura salaketak zalantzan jarri izana eta nafar koalizioak segurtasun indarrei eskainitako babesa.

Estatu espainolaren praktikak «frankismoaren garairik ilunenak» gogorarazten dizkio amnistiaren aldeko mugimenduari eta bere burua estatu demokratiko gisa aurkeztu arren, demokratikotik «ezer gutxi» duela deritzo. Horren lekuko, Porturen auzia ekarri zuen gogora; izan ere, salatu bezala, «bertsio ofizial sinesgaitzekin tortura estaltzen ahalegindu ziren».

Porturen salaketaren harira, zortzi guardia zibil auzipetuko dituzte ostiralean; baina, mugimendu honek ez du inolako itxaropenik epaitegietan, «ez dugu uste torturaren amaiera epaitegietatik etorriko denik» nabarmendu du. Polizia deklaratzera doan lehen aldia ez dela adierazi du, alta, batzuk zigortuak izan arren, ondoren indultatuak izan direla gaineratu du.

Amnistiaren aldeko mugimenduaren aburuz, tortura «praktika legala» da Estatu espainolean eta ondorioz, honen atzean erantzunkizun politikoak daudela nabarmendu du.

legala

Tortura, Estatu espainolean praktika «legala» dela uste dute, eta haren atzean erantzukizun politikoak daudela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo