GARA > Idatzia > Kultura

Gaur abiatuko da Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketa Igorreko institutuan

Bertsolari Gazteen BBK Sariketak hamaseigarren ekinaldiari hasiera emango dio bihar bertan. Hogeita lau urtera arteko berrogei bat gaztetxo arituko dira lehian, martxoak 14a bitartean.

p057_f01_148x108.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Gaur egingo da, Igorreko institutuan, Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketaren lehenengo saioa. Arratia eta Ipar Uribeko taldeak izango dira aurrez aurre, aurtengo ekitaldiari hasiera emanez.

Guztira, sei eskualde izango dira txapelketan parte hartuko dutenak: aipatutakoez gain, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea eta Lea-Artibai. Adin mailari dagokionez, A mailan 18 urtera arteko bertsolariak arituko dira, eta B mailan, berriz, 19 eta 24 urte bitartekoak, 1983. urtean jaioak barne.

Bilbao Bizkaia Kutxa, Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Bizkaiko Ikastolen Elkartea arduratzen dira honako norgehiagoka hau antolatzeaz. Gazteei jendaurrean kantatzeko aukera ematea da helburuetako bat eta, bigarrenik, 24 urtetik beherakoei bertsolari moduan euren nortasuna egiten joateko testuinguruak eskaintzea dute xede.

Lagunarteko giroan

Urtero berrogei bat dira sariketa honetan parte hartzen duten lagunak, eta beti aurpegi berriren bat ezagutzeko aukera dago. Entseguak ikastorduetan egiten dira, bertsolariak lagunarteko giroan presta daitezen. Beste lehiaketa batzuetan ez bezala, taldeko lana da garrantzitsuena honakoan.

Bizkaiko Bertsozale Elkartea arduratzen da azpiegituraz. Berea da ekipo teknikoa. Epaile, gai jartzaile eta aurkezleak jartzen ditu eta saioen jarraipena egiten du, idazkari lanak eginez.

Juanjo Respaldiza Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak aurtengo lehiaketaren aurkezpenean azaldu zuenez, oso modu naturalean osatzen dira taldeak, eta eskualdeen arteko harremana ere oso ona da. Sariketa honek duen garrantzia ere azpimarratu zuen, izan ere, bertsolari handiak eman baititu, Xabi Paya Bizkaiko Txapelduna, besteak beste.

Esperientzia polita

Paya bera izan zen atzoko agerraldian. Algortarrak azaldu zuenez, 13 urterekin parte hartu zuen lehenengoz Bertsolari Gazteen BBK Sariketan. Berak esan zuenez, oso pozgarria da mundu honetan murgiltzen ari den neska edo mutilarentzat miresten dituen bertsolari edo gai jartzaileak «norberari begira izatea», baita zaletasuna beste hainbat gazterekin partekatzen duela konturatzea ere.

Talde irabazleak 1.260 euro jasoko ditu, eta 900 euro bigarrenak. Martxoaren 14an erabakiko da zein eskualdek jantziko duen txapela.

SEI TALDE

Bizkaiko sei eskualdek parte hartuko dute lehian: Arratia, Ipar Uribe, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea eta Lea-Artibai. Enkarterri eta Ezkerraldean oraingoz ez da talderik eratu.

Ficha

Txapelketa: Bertsolari Gazteen XVI. BBK Sariketa.

Datak: Otsailaren 19tik martxoaren 14ra bitartean.

Taldeak: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar Uribe, eta Lea Artibai.

Finala: Martxoaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo