Bermea LAB herri-akusazioa izan (ez) dadin
LAB sindikatuak herri-akusazioa izaten jarraituko du Irungo Ogasuneko iruzurraren auzian. Baina gauza normala izan behar lukeen hori kasu honetan ez da hain normala, sindikatu abertzaleak, zeregin horretarako, 60.000 euroko bermeari aurre egin behar baitio, Gipuzkoako Auzitegiak hala erabakita. LABeko arduradunek esan dute auzian parte hartzea baldintzatu nahi dutela neurri horrekin. Izan ere, neurri hori ez da oso ulergarria, are gutxiago, jakinda, auzian halaber herri-akusazio den Fernando Argoteri ez diotela bermerik ezarri. Horrelako auzietan ohikoa da bermea jartzea, baina ez horrenbesterainokoa, LABi hasieran jarri ziotenaren parekoa-edo baizik, eta hura 2.000 eurokoa izan zen. Alde ikaragarri hori sindikatu horren parte hartzea eragozteko saio gisa baino ezin da interpretatu. Eta berehala sortzen diren galderak dira, zergatik eta nork ez ote duen nahi hark auzian parte hartzea. Irungo Ogasuneko iruzurra garrantzi handiko auzia da, oso larria Gipuzkoako herritarrei ostutako diru kopuru handiagatik eta Administrazioaren barruan gertatu izan delako. Horrenbestez, erantzukizun penalak ez ezik, politikoak ere argitu behar dira. Horren alde agertu da LAB sindikatua; edozein herritarrek eskatuko lukeena baino ez da hori. Instituzioek ere, Administraziotik auzitegietara, hartarako ahaleginak egin beharko lituzkete.