Mondragon Unibertsitateak Europara egokitu du eskaintza akademikoa
GARA |
Enpresa eta erakundeetan sortzen ari diren «premia eta aldaketei» erantzuteko, Mondragon Unibertsitateak ingeniaritzari eta enpresa-zientziei lotutako zortzi titulu eskainiko ditu heldu den ikasturtean, europar espaziora egokituta. «Oso eredu desberdina» da ohiko irakaskuntzaren aldean. Unibertsitateko arduradunek jakinarazi dutenez, ikasleak gaitasun pertsonal, sozial eta profesionaletan trebatzea da helburua, laneko erronka berriei aurre egiteko. Hala, hezkuntzaren ardura bereganatzeko, taldean lan egiteko, proiektuak zuzentzeko, erabakiak hartzeko, negoziatzeko eta komunikatzeko gauza izan daitezen lan eginen dute.
«Ezagutzaren transmisioa eta irakaslearen protagonismoa oinarri zituen irakaskuntza eredu klasikoa» atzean utzi eta ikaslea hezkuntza prozesuaren erdigunean egotea nahi dute. Irakasgaiak, berriz, «lanbideari begira» diseinatu dituzte, lortu nahi den emaitzari begira.
Sustraitik aldatuko den bertze elementu bat irakaslearen eginkizuna da. Izan ere, eredu berrian, irakaslea tutore antzeko bat izanen da eta eginkizun garrantzitsua izanen du ikaslearen heziketa sustatzeko.