GARA > Idatzia > Futbola

Txapeldunen Liga

Interren aurka lan gaitza du Liverpoolek bidea zuzentzeko

Final zortzirenetako joaneko partidan, «Calcioko» liderra etxean hartuko dute «gorriek». Roma-Real Madrid partida ere erakargarrienetako bat izanen da

GARA | LIVERPOOL

Pasa den larunbatean Barnsley talde apalaren aurka 1-2 galdu eta Kopatik kanpo geratu ostean, Milango Interren aurka jokatuz zuzendu beharko du bidea Liverpoolek, Txapeldunen Ligako final zortzirenetan. Anfield Roaden garai txarrak bizi dituzte Xabi Alonso eta enparauek, baina gaueko 20.45etik aurrera «Calcioko» liderraren aurka zalantzak eta egonezinak albo batera geratu beharko dira.

2005ean Europako txapeldun eta iaz txapeldunorde izan ondoren, Rafa Benitezen taldeak aurkarien errespetua irabazi du. Horretaz gain, Fernando Torres aurrelaria ere «gorrientzat» jokatzeko prest dago. Neroazzurriak ezingo dira, beraz, fidatu.

Inter, alabaina, ez da nolanahiko aurkaria. Italiako ligako burua da, partidarik galdu gabe gainera. Defentsa lanean bikainak, Zlatan Ibrahimovic eta Julio Cruz aurrelariak etengabeko arrisku izango dira Benitez eta haren gizonentzat.

Erromako gudua

Gaurko jardunaldiko lehia erakargarrienetako bat Erromako taldeak eta Real Madrilek jokatuko dute Italiako hiriburuko Estadio Olinpikoan. Italiako ligan Inter atzematea nahiko latz dute, Juventusen aurka berdindu ostean, 11 puntu atzerago geratu baitira. Hala, Real Madrilen aurka duten guztia emango dute Luciano Spallettiren gizonek.

Erromak aurten ez du etxean galdu, baina estatistikak, hala ere, Real Madrilen alde daude. «Zuriak» hiru bider izan dira garaile Erroman, horietatik birritan hiru goletako aldeaz. Dena den, Schusterrek Marcelo atzelari brasildarraren galera du gaurkoan, lehenagotik min hartutako Pepe, Saviola, Sneijder eta Robinhorekin batera.

Beste bi neurketetan, Chelseak Pireoko giroa gainditu beharko du Olympiacosi gailentzeko eta Schalke eta Portok, berriz, faboritorik gabeko lehia jokatzen dute. Datu bat: alemaniarrek portugaldarren aurka aurrekari onak dauzkate.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo